GARA > Idatzia > Euskal Herria

Giza kate batek errausketa salatu eta alternatibak aztertzeko eskatu du Donostian

Dozenaka lagunek parte hartu zuen atzo, Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak egindako deiari jarraiki, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzatik Donostiako udaletxera egindako protesta ekitaldian.

Giza katean parte hartu zuten pertsonek esku artean zeramatzaten pankartetan beste behin errausketa behin betiko baztertzeko eta alternatibak lantzeko eskeak egin zituzten. Era berean, protestan parte hartu zuten lagunek galdeketa egiteko eta herritarren iritzia aintzat izateko eskatu zieten erakundeei.

Parte-hartzaileen artean zegoen Imanol Azpirotz Zubietako Herri Batzarreko lehendakaria. Hark aditzera eman zuenez, Diputazioa eta Donostiako Udala «guztia eginda balego bezala» ari dira jokatzen. «Baina, oraindik, eurek ere badakite, bide asko dute egiteko errausketa planta martxan jarri aurretik», adierazi zuen.

Horiek hala, oraindik ere errausketa hondakinak kudeatzeko metodo gisa baztertzeko aukera badagoela gogorarazi zuen Azpirotzek, eta, alde horretatik, herritarren parte-hartzea eta protesta behar-beharrezkoak direla gogorarazi zuen zubietarrak.

Manifestazioa larunbatean

Errusketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak horren beharrezko jotzen duen protestarako lehendabiziko aukera datorren larunbatean izango da, martxoaren 3an, «Alternatibak badaudelako Errausketarik ez, ez hemen eta inon» leloaren pean Anoeta futbol zelaitik abiatuta manifestazioa egingo baitute. Azpirotzek, alde horretatik, Gipuzkoako herritar guztiei bertara joateko deialdia egin zien «esan bezala, bai baitago oraindik ere errausketa alboratzekoa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo