GARA > Idatzia > Kirolak

Patrick Ozafrain eta Rene Muskarditz izan dira sailkatzen azkenak

Ez zen ezustekorik izan, eta Rene Muskarditzek eta Patrick Ozafrainek lortu zituzten atzo Donibane Garazin, Berezkoen Bakarkako Txapelketako final-laurdenak jokatzeko txartelak.
 
Lehen partidan, Ozafrainek ez zuen izan inolako arazorik Francis Karrikart 40 eta 23 menderatzeko, 59 minutuan. Bankako atzelaria zen faborito garbia, eta partida erraz eraman zuen hastapenetik. Ahalik eta azkarrena erabaki nahi zuen kanporaketa, eta berehala 33-13 aitzineratu zen. Bazirudien partida azkar joango zela, baina Ozafrainek erritmoa jaitsi zuen, eta indarrak gorde nahi izan zituen. Horixe aprobetxatu zuen Karrikartek markagailua itxuratu ahal izateko. Honako partzial hauek izan ziren: 10-5, 20-9, 27-11, 33-13, 35-16 eta 40-23. Ozafarinek bederatzi kintze egin zituen botetik, eta lau, Karrikartek.
 
Bigarren partida zen final-zortziren horietako erakargarriena, eta bera izan zen partidarik onena ere. Bi txapeldun ohi elkarren aurka, Rene Muskarditz eta Partick Ezkurra, eta amaieran lehenengoak irabazi zuen 40 eta 33. Hala ere, Ezkurra I.ak gauzak estu jarri zizkion Muskarditzi; zati askotan aitzinetik joan zen, baina akitu egin zen, eta garaipenak ihes egin zion 75 minutuan pilotan arituta. Hauek izan ziren partzialak: 1-1, 6-6, 8-12, 8-18, 15-19, 20-27, 30-30, 31-31, 37-33 eta 40-33. Muskarditzek 12 kintze egin zituen saketik, eta 8, Ezkurra I.ak. Final-laurdenak datorren larunbatean eta igandean jokatuko dituzte Maulen eta Senperen. Trinket bakoitzean bina partida izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo