KOMUNIKABIDEAK
Arrosa Sareak Euskal Herriko irratiak elkarlanean jartzeko jardunaldiak antolatu ditu
Datorren otsailaren 25ean burutuko dira Bergarako gaztetxean Arrosa Sareak antolatu dituen jardunaldiak.
29/12/2011 15:38:00
BILBO-. Arrosa Sarea 2002ko maiatzean sortu zen Euskal Herriko hainbat irrati txikiren arteko elkarlana edo auzolana oinarri hartuta. Sarearen funtizo nagusia euskarazko irratsaioak elkartrukatzea izan da orain arte, baina elkarlanean beste hainbat gauza egin ditzaketela uste dutenez lehen jardunaldiak antolatu dituzte.
Bergarako gaztetxean burutuko dira aipatutako jardunaldiak datorren otsailaren 25ean.
Jardunaldien helburua "tresnak elkartrukatzea" eta "bakoitzaren ezagutza besteekin konpartitzea" dela azaldu dute eta horretarako hamar tailer antolatu dituzte "oinarrizkoenetik teknikoenera".
Azaldu dutenez, ateak zabalik daude interesa daukan edonorentzat baina bereziki deia luzatu diete hasi berri edo hastear dauden herri- edo auzo-irratiei.
Aipatutako tailerrez gain solasaldi ezberdinak antolatuko dituzte. Alde batetik, generoa eta komunikabideak gaia izango dute hizpide eta bestetik irratiak eta teknologia berriak.
Jardunaldiei amaiera emateko eztabaida saio bat egingo dute Word Cafe moduan eta gauerako kontzertu pare bat antolatuko dituzte.
Informazio gehiago nahi izanez gero arrosa.sarea@gmail.com helbidera idatzi daiteke edo 656 748 025 telefonora deitu (Jon).


