ANTIMILITARISMOA
Derrigorrezko soldadutza bukatu zela hamar urte bete direla ospatzeko topa egin dute Bilbon
Kakitzat taldeak deituta, Olentzerok, Erregeek eta Papa Noelek topa egin dute Bilboko Gobernu Militarraren atarian, derrigorrezko soldadutzaren amaieraren urtemuga ospatzeko.
29/12/2011 12:33:00
BILBO-. Gabonetako pertsonaia tradizionalek agerraldia egin dute gaur Bilboko Gobernu Militarraren atarian, derrigorrezko soldaduskaren hamargarren urteurrena gogoratzeko.
Izan ere, datorren larunbatean hamar urte beteko dira Derrigorrezko Zerbitzu Militarra desagertu zela, "231 urtetako inposizio militarrari amaiera emanez".
Data hura gogoan hartzeaz gain, aipatu pertsonaiek topa egin dute eta datorren urteari begira dituzten desioen berri eman dute: "urte berri oparo bat, zeinetan estruktura militaristek ez duten lekurik izango".
Gainera, "Gaur, atzo baino gehiago... Militarismorik ez!" lelopean egin duten elkarretaratzearen bukaeran, ikatza utzi dute Gobernu Militarraren egoitzan, "duela hamar urte jendarte zibilak guztiz desager zedin erakunde militar honi emandako moratorian zehar burututako kudeaketa zorigaiztokoa" arbuiatzeko.


