GARA > Azkenak > Euskal Herria

"EGUNKARIA"REN AURKAKO EPAIKETA

Larunbateko manifestaziora joateko deia egin dute hainbat eragilek

Larunbatean Bilbon "Egunkaria libre!" lelopean egingo den manifestazioak atxikimendu ugari jaso ditu. Kontseiluak, Bai Euskal Herriari herri ekimenak eta amnistiaren aldeko mugimenduak Bizkaiko hiriburura joateko deia egin dute.

16/12/2009 15:40:00

DONOSTIA-. Kontseiluko zuzendaritzak larunbatean Bilbon "Egunkaria"ren alde egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du gaur, Donostian eskaini duen agerraldian.

Xabier Mendiguren idazkari nagusiarekin batera Koldo Tellitu Ikastolen Konfederazioko lehendakaria, Joanmari Larrarte EKTko ordezkaria, Mikel Arrizabalaga (Elkar), EHEko Unai Larreategi, Euskal Konfederazioko Sébastien Castet, Emun kooperatibako Leire Muxika, Bertsozale Elkarteko Aritz Zerain eta Aurkene Urrusolo egon dira agerraldian.

Mendigurenek gogora ekarri du "Egunkaria" itxi eta zazpi urtera "bidegabekeriak bere horretan" jarraitzen duela, eta "berriz ere kalera ateratzeko beharra daukagu".

"Orduan euskalgintzako kide hauek, gure kideak, bortxaz eraman zituzten eta bidegabekeria hori salatu genuen manifestazioaren bitartez; orain ere, berriz Madrilen daude, epaitzen ari dira eta berriro ere erantzun bat emateko premian gaude. Horregatik, larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi du Kontseiluak”, esan du.

Bai Euskal Herriari

Bai Euskal Herriari herri ekimenak ere babesa adierazi die Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleagari.

"18/98, 'Egin' auzia, 'Ardi Beltza', eragile sozial nahiz politikoen aurkako epaiak, eta oraindik geratzen direnak: 'Egunkaria' auzia, Udalbiltza auzia..., zenbat euskal herritar kartzeleratu behar dituzte beraiek finkaturiko joko arauak ere errespetatzen ez dituzten horiek?". galdetu du.

Horregatik, larunbatean "herri gisa" erantzun beharra dagoela nabarmendu du.

Amnistiaren aldeko mugimendua

Amnistiaren aldeko mugimenduak ere bat egin du larunbateko mobilizazioarekin. Komunikabideen itxiera eta kazetarien tortura salaketak eta espetxeratzeak "Euskal Herrian errepresioak duen neurria" erakusten dute, erakunde horren iritziz, eta "Egunkaria"ren aurkako auzia "errepresio eta jazarpen guzti horren beste kapitulu bat" da.

Azken urteotan bi egunkari itxi dituztela gogora ekarri du, eta "Egin"eko azken zuzendaria eta zuzendariordea preso daudela, sakabanatuta. Horretaz gain, Gaztesarearen aurkako operazioa eta auzia zabali daudela nabarmendu du. "Zentsura politikoa egunerokoa da Euskal Herrian", salatu du.

Horren aurrean, herritarren presioa eta mobilizazioa beharrezko jo ditu eta Bilbon egingo den manifestazioan eta epaiketa salatzeko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo