DURANGOKO AZOKA
Ahotsenea ekimena eta Argizaiola sarien banaketa, gaur Durangon
Bigarren eguna du gaur Durangoko Azokak, eta jendea erruz hurbildu da. Ahotsenea ekimena aurkeztu dute goizean, eta iluntzean Argizaiola sarien banaketak itxiko du eguna.
05/12/2009 10:55:00
DURANGO-. Atzo ikastetxeetako haur eta gazteak ziren-eta protagonista Duangoko Azokan eta gaur, berriz, publiko orokorrari ireki dizkio ateak.
Bi dira gaurko prestatu dituzten ekitaldi nagusiak. Batetik, Ahotsenea ekimenak -bigarren urtea du Azokan- goizean ekin dio aurtengo bideari, karpa propioa lortu ostean, haurrenaren aldamenean.
Hiru egunetan –gaur, bihar eta etzi–, 70 sortzaile inguruk 45 lan aurkeztuko dituzte, modu desberdinetan: hitzaldi, dvd, errezitaldi, kontzertu eta beste.
Edorta Jimenez idazleak nabarmendu duenez, Ahotsenearen helburuetako bat euskal kulturak "galtzen ari den tokia" berreskuratzea da. Izan ere, gogora ekarri du duela 44 urte azoka sortu zenean belaunaldiz belaunaldi batzuek lan handia egin behar izan dute, baina azken urteotan lan guztia eskura eman digute.
Karmele Igartua, Igor Estankona, Pirritx eta Porrotx, Yolanda Arrieta eta Leire Urbeltz, Iker Goienaga, Karmele Jaio, Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutia, Bide Ertzean, Unai Elorriaga, Kemen Lertxundi, Juan Kruz Igerabide zein Fermin Etxegoien eta Hasier Etxeberria aurkitu ahal izango ditu Ahotsenean bertara hurbiltzen denak.
Argizaiola saria
Ez da baina Ahotsenekoa eguneko ekimen bakarra izango, egunero-egunero oparoa baita Azokaren egitaraua. Atzetik aurrera hasi eta Des-Kontrolen Plateruenako kontzertua aparte utzita, Argizaiola sarien banaketak itxiko du jarduna, 20.30ean San Agustin aretoan.
60. hamarkadan euskaraz irakatsi zuten lehenengo andereñoak omenduko dituzte, herrialde bakoitzetik bana.
Bestalde, Jason Eipstein estatubatuar editore sonatuak hitzaldia emango du Elkartegian, eta ikuskizunen zerrenda amaitzeko, CircBover kaleko zirkua izango da goizez eta arratsaldez Andra Mari elizpean, eta Joan Margariten olerki saioa berriz Elkartegian, Itxaro Borda eta Leire Bilbao poeten partaidetzarekin.





