GAZTE INDEPENDENTISTEN AURKAKO SAREKADA
Gazteok Batera! ekimenarekin bat egiteko deia egin dute
Joan zen astean gazte independentisten aurkako sarekada salatzeko sortu den Gazteok Batera! ekimenari atxikimendua adierazi diote 800 lagun eta eragile baino gehiagok. Bihar Durangon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute.
04/12/2009 16:27:00
DONOSTIA-. Donostiako Ibaetako campusean agerraldia egin dute gaur esparru desberdinetan aritzen diren hainbat lagunek, Gazteok Batera! dinamikaren berri emateko.
Joan zen astean Auzitegi Nazional espainolaren aginduz gazte independentisten aurka egin zen sarekada salatzeko sortu da dinamika hori, eta dagoeneko 800 atxikimendu baino gehiago jaso ditu, norbanako nahiz talde desberdinena.
Agerraldian gogora ekarri dutenez, joan zen asteko atxiloketak "Euskal Herrian eredu alternatibo baten alde lan egiten dugun gazte guztion aurkako erasoa" izan ziren eta "gazte eta konprometitu" izateagatik atzeman zituzten.
Argi utzi nahi izan dute gazteek beren proiektuak aurrera eramateko "zilegitasun osoa" dutela, eta independentziaren aldeko lana ezin dela kriminalizatu eta delitu bilakatu.
Horrekin batera, gazteen eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko exijitu dute eta horretarako "horrelako erasoaldi jarraiak etetea ezinbesteko" jo dute.
Horren aurrean, modu bateratuan erantzuteko konpromisoa adierazi dute eta horren karira abian jarri den Gazteok Batera! dinamikarekin bat egiteko deia egin dute.
Azkenik, bihar arratsaldeko 17.30ean Durangon egingo den manifestaziora joateko deia egin diote euskal gazteriari.





