GARA > Azkenak > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Haurrek eta profesionalek bete dute Landako

Gaur goizean ireki ditu ateak 44. Durangoko Azokak eta haurren eta profesionalen harrera ikusita, azoka arrakastatsua espero dute antolatzaileek.

04/12/2009 9:14:00

AzkenEzkdu.jpg
Itxura hau zuen goizean Landako guneak. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

DURANGO-. Aspaldi itzalia den tximinia berriro kea dariola jartzeko moduko kalipua bilduko du bai, gaur hasi eta asteartea bitarte 44. Durangoko Azokak, Landako zabalgune ederra txiki uzterainoko jendetza bilduta. Musulmanak Mekara legez, bertara egiten baitu euskal jendeak abenduan, gure kulturarekin urte osoan sortutako zorrak kitatzera. Izerdi, negar, diosala, solas eta salerosketa frankorako beta emango du hitzorduak, eta entzun edo ikusteko -irakurtzeko bada, hobe- ez ezik, ukitu, usaindu eta dastatzeko gairik ere ez da faltako, "zure eskura dago" eta, eskaintza zabala.

Goizeko 10.30ean ireki dituzte Landakoko ateak, eta haurrak izan dira areto ederra betetzen lehenak. Izan ere, ikastetxeentzako egun berezia prestatu dute, ekitaldi ugarirekin.

Gaztetxoekin batera, profesionalen txanda ere bada gaurkoa. Guztien harrera ona ikusita azoka arrakastatsua izango dela uste dute antolatzaileek.

Irekiera ofiziala, arratsaldean

Lagun berriak egin nahian gainera, katalanak gonbidatu ditu aurten azokak, eta gaur, 19.00etan, Andreu Carranza Tarragonako idazleak botako du irekiera mintzaldia, "Katalunia, birtualtasunaren sorterri".

19.30ean "Munduari bira doan" filma eskainiko dute, eta eguna indartsu eta saltoka amaitzeko, San Agustin kulturgunean "Mirant al Cel" ematen duten bitartean -Jesus Garayk egin film katalana, Fermin Muguruzaren musika duena-, Betagarri gasteiztar ska taldeak "Bizitzari txistuka" egingo dio aurre Plateruenan.

Azoka Telebista

Lehenengo aldiz, Azoka Telebistak Landakon gertatzen denaren berri emango du zuzenean, pantaila erraldoi baten bidez. Hamaika Telebistan, ETBren 3. katean eta Goiena TBn ere emango dute azokaren berri.

Plaza bete zenbakitan

Krisialdi ekonomikoak bizi gaituen honetan, euskal sorkuntza ez dago inolaz ere krisian, eta ez sinestekoa izan da azken asteotan bizi izan dugun argitalpen eta aurkezpen kopurua, urtean zehar basamortuan egarritu ostean Durangoko ur oasia oparotasunez hornitzeko.

44. Durangoko Azokaren saltoki erraldoiak 156 parte hartzaile ditu, eta horietatik hamalau eskari berriak dira. Standei dagokienez, guztira 279 metatuko dira Landako Guneko Goienkale, Artekale eta Barrenkalen, eta hamasei gainera teknologia berriei eskainitakoak omen dira. Erosleari begira, honek aukeran 459 nobedade izango dituela esan nahi du -iazko antzera-. Sailkapena errazteko, ia bostehun horietatik 308 liburuak eta 69 diskoak dira -beti ere nobedadeez ari gara. Gainera, oraindik ere emakume sortzaileak baztertuta daudela iritzita, argitaletxeak erakusmahaietan emakumeek sorturiko lanak nabarmentzera gonbidatu zituen atzo Euskal Herriko Bilgune Feministak agiri batean. Gainerako sailkapenekin jarraituta, aldizkariak 23 izango dira, bideoak 16, CD-rom-ak 8 eta gainerakoak auskalo.

Tren bereziak

Bestalde, EuskoTrenek atzo jakinarazi zuenez, tren zerbitzu berezia jarriko du Azoka dela-eta, gaurtik igandera arte, Donostia-Bilbo trenbidean eta gauez -22.30etik 06.00etara- , Elgoibar (larunbatean Debaraino) eta Atxuri artean.

Euskal Denda

Liburu eta Disko Azokarekin zerikusirik ez duen arren, egunotan hamalaugarren Euskal Denda ere jasoko du Durangok, hau da, Iban Gorritik sortu afixaz aurkezten den artisautza azoka. Aurten Juan Unzueta otzaragilea omenduko du, lanbide horretan 75 urte daramatzan durangarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo