GENERO INDARKERIA
Bi atxilotu beren bikoteei eraso egiteagatik
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Getxon, emaztea kolpatu eta sexu harremanak edukitzera behartzeagatik. Gasteizen beste bat atzeman dute, bikotekide ohiari eraso egiteagatik.
03/12/2009 11:25:00
GETXO-. Atzo arratsaldean emakume batek Ertzaintzari deitu zion Getxon, bere senarrak eraso egin ziola salatzeko.
Azaldu zuenez, senarrak kolpatu egin zuen eta sexu harremanak edukitzera behartu zuen, bere borondatearen aurka. Duela urte askotik tratu txarrak jasaten zituela ere esan zien ertzainei.
Emakumea Gurutzetako ospitalera eraman zuten, eta senarra bilatzeari ekin zioten. Iluntzeko 20.30ean aurkitu eta atxilotu egin zuten.
Beste erasoa Gasteizen izan zen. Udaltzaingoak emakume baten deia jaso zuen, bikotekide ohiak eraso egin ziola salatuz. Kontatu zuenez, kalean zegoela gizonak eraso egin eta poltsa ebatsi zion. Poliziak atxilotu egin zuen.





