DURANGOKO AZOKA
Umorea izango da ardatz Durangoko Azokaren 42. edizioan
Abenduaren 5ean zabalduko ditu ateak 42. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak. Bost egunean zehar Durangoko Landako Erakustazoka euskal kulturaz blai izango da. Antolatzaileak, Gerediaga Elkarteak, "Maiatz" aldizkariari emango dio aurten Argizaiola Saria.
21/11/2007 14:39:00

DURANGO-. Gerediaga Elkarteak urtero-urtero beste garai batzuetan zenbait pertsona eta erakundek euskara eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzeko Argizaiola omen saria banatzen du.
Aurten, "Maiatz" literatura aldizkariak jasoko du. Euskarazko literatura Ipar Euskal Herrian indartzeko, berritzeko, idazleen artean harremanak hobetzeko eta berriak sustatzeko sortu zen 1981. urtean. Aldizkariaren lehen zenbakia 1982ko otsailean plazaratu zuten, eta gaur egun 46. alea ere kaleratu dute, urtean bi zenbaki atereaz.
Umorea izango da aurtengo Durangoko Azokaren gai nagusia. Horrela izanik, Andoni Agirregomezkortak egingo du sarrera hitzaldia. Egitarauari dagokionez, besteren artean, Eva Forest, Jesus Atxa eta Salvador Solaegi gogoratzeko ekitaldia antolatu dute.
Guztira 317 stand izango dira Landako Erakustazokan, eta horietako 14 teknologia berrien gunean izanen dira. Gainera, 554 izango dira bertan aurkeztuko diren produktu berriak. GARA egunkariak ere, urtero legez, bere txokoa izango du bertan.




