UHOLDEAK DONOSTIAN
Uholdeetan kaltetutakoei arreta emateko jarritako bulegoa ostiralera arte egongo da zabalik
Iragan azaroaren 6ko uholdeetan kaltetutako lagunei arreta emateko Martutenen zabaldutako bulegoa ostiralera arte egongo dela zabalik jakinarazi du Udalak.
30/11/2011 19:13:00
DONOSTIA-. Etxarrienen dagoen bulegoa itxitakoan, udal zerbitzuren baten beharra duten herritarrek hainbat aukera izango dituzte: 010 telefonora deitzea, www.donostia.org webgunea bisitatzea edota Udaletxearen beheko solairuko bulegoetara joaz.
Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, uholdeak izan ziren egunean bertan osatu zen krisi kabineteak gaur egin du azken bilera. Egun hauetan guztietan zehar, sail desberdinetako ordezkari eta teknikariek kaltetutako eremuen jarraipena egin dute eta, era berean, kaltetutakoen beharrei eskaini zaie arreta.
"Txomin Enearako aurreikusita dagoen hirigintza planaren harira kaltetuta dauden bizilagunei dagokienez, berriz, epe luzerako irtenbidea ematea" aztertzen ari da Udal Gobernua.
Gainera, uholdeek sortzen dituzten arazoei "behin betiko irtenbide bat emate aldera", bi batzorderen eraketa sustatu du Juan Karlos Izagirre buru duen Donostiako Udal Gobernuak.
Alde batetik, Urumeako Plana ahalik eta azkarren martxan jartzeko lan talde bat eratu da. Lakuak 2005eko amaiera aldean aurkeztu zuen plan hori, eta hiru urte geroago osatu zuen. Hala ere, "ordutik ez da plan horrek jasotzen dituen hemezortzi ekintzetatik bakar bat ere martxan jarri", Udalak gogoratu duenez.
Orain osatutako instituzioen arteko mahaiari esker, "plana lehenbailehen martxan jartzea" espero du Donostiako Udal Gobernuak.
Bestetik, Martutene eta Txomin Enearako Urumeako Ekintza Mikroplana berraztertzeko batzorde bat eratu da. "Orain arte indarrean egon den protokoloa hobetzea izango da lan talde honen xedea", izan ere, gabeziak antzeman dira horretan. Batzorde hau heldu den ostiralean elkartuko da aurreneko aldiz eta udal departamendu ezberdinetako ordezkariak egongo dira bertan; Lan eta Proiektuak, Mantenimendua, Babes Zibila, Osasuna, Gizarte Ongizatea, Udal Info, Udaltzaingoa eta Suhiltzaileak. Bilera hauetan kaltetutako auzoetako bizilagunen ordezkariak parte hartzeko aukera aztertzen ari da.


