GARA > Azkenak > Euskal Herria

EUSKAL PRESO POLITIKOAK

Ertzaintzak Donostiako gazteen harreran kargatu egin du

Bermepean libre geratu diren hiru gazteen harrerara hurbildutakoen kontra aritu zen atzo Ertzaintza Donostian. Senide bat ospitaleratu egin behar izan zuten eta beste bi lagun jipoituak izan zirela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

20/11/2009 12:06:00

DONOSTIA-. Adur Fernandez, Aitor Olaizola eta Oier Lorente libre geratu ziren atzo 18.000 euroko bermea ordainduta. Olaizola eta Lorente 02.30ean iritsi ziren Donostiara eta Alde Zaharrean harrera egin zieten.

Euren argazkiak kentzeko asmoz herriko tabernara sartzeko zirela, Ertzaintza iritsi zen eta bildutakoen kontra kargatu zuen. Pilota ugari jaurti zituztela salatu dute. Jendea kolpatu ere egin zutela gaineratu dute. Ordu betez aritu ziren eta joan zirenean zaurituak utzi zituzten.

Olaizolaren osaba bat ospitalera eraman zuten bi pilotakada jaso ondoren eta beste bi pertsona ere jipoituak izan ziren, amnistiaren aldeko mugimenduak ezagutzera eman duenez. Olaizolaren osabari eman diote senda agiria.

Aste honetan Ertzaintzak "basatiki erasotzen duen bigarren harrera" dela gogoratu du. Hernanin bertaratu zirenen aurka gogor jo zuten, baita Donostian ere. "Ertzaintzaren bortizkeriak kasu honetan euskal preso politikoekiko elkartasuna erasotzea izan du helburu argia", salatu du.

Nabarmendu duenez, euskal preso politikoek "herri eta auzoetan sustrai sakonak dituzte, askoren artean dira maitatuak eta gure herriaren historian libre gelditu den preso politiko orok jaso du herritarren berotasuna eta harrera".

Odon Elorza Donostiako alkateari zuzenean galdetu diote zer egingo duen atzo Ertzaintzak erabili zuen bortizkeriaren aurrean. Aitor Olaizolaren osaba bat bere iloba agurtzera atera zen atzo kalera, eta ospitalean amaitu zuen. "Zer du esateko honen aurrean Donostiako alkateak?", galdetu du.

Hiru gazteak beste hamahiru donostiarrekin batera Madrilen atxilotu zituzten, 2007ko abenduaren 4an. Bilatze eta atxilotze agindupean zeudela, espainiar Entzutegi Nazionalean aurkezteko asmoz bertara hurbildu eta atean atxilotu zituzten, ondoren espetxeratuak izateko.

Ia bi urte preso eman dituzte eta sakabanaketa politika pairatu dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo