GARA > Azkenak > Euskal Herria

EUSKAL PRESO POLITIKOAK

Agudo libre uzteko eskaera errefusatu du Paueko auzitegiak

Paueko auzitegiak Joseba Agudo abokatuaren askatasun eskaeraren kontra agertu da gaur goizean. Hendaian bizi den abokatua maska bat ezarrita sartu da epaitegian. Atxilotua izan ondoren erietxera eraman zuten tuberkulosia izan zezakelakoan eta gaur ahoa babesturik azaldu da Pauen.

10/11/2009 16:35:00

BAIONA-. Kazeta.info agerkariak azaldu duenez, hogeita hamar bat lagun bildu dira goizean Pauen Hendaian bizi den Joseba Agudo abokatuari sustengua helarazteko. Agudo orain bi aste atxilotu zuen Frantses poliziak bere herriko karriketan zehar ibilki, Hendaian.

Epaileak Oreretako abokatuaren kontrako euroagindu eskaeraren oinarriak irakurri ondoan, prokuradoreak Agudoren askatasunaren kontra mintzatu da, ihes egiteko arriskua arrazoituz.

Defentsaren ustez, berriz, jakinik Guardia Zibila bere bulegoa miatzen ari zela goizetik eta ilunabarrean atxilotua izan dela ihes egiteko denbora guzia ukanez, ihes eginen ez duenaren garantia osoak badirela adierazi du epaile aitzinean. Lana eta etxea daukala ere azpimarratu du Agudoren abokatuak.

Paueko eta Baionako batonierren izenean Blanco abokatuak Agudoren askatasun eskaera luzatu du. Abokatu lana egiteko eskubidea eta nahi dituen pertsonak defenditzeko eskubidea aldarrikatu du.

Bestetik, euroaginduaren arrazoinak errefusatu ditu Maritxu Paulus-Basurko abokatuak. «Espainiaren euroagindu eskaerak ez du zentzurik frantses dozier batean oinarritukako dozier batekin lotua baita. Agudori zerbait leporatzekotan, Frantziako justiziaren erantzunkizuna izan behar da», adierazi du defentsak.

Madrilek aurkezturiko euroaginduak ez duela zentzurik kontutan hartuz, euroaginduaren eskakizuna atzera botatzea galdegin dio defentsak Paueko Auzitegiari.

Hala eta guzti ere, epaileak Agudo kartzelan atxikitzea deliberatu du. Euroaginduaren emaitza, berriz, azaroaren 17an, asteartearekin emana izanen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo