EUSKAL PRESO POLITIKOAK
Ion Telleria eta Olatz Izagirre aske geratuko dira datozen orduetan
Ion Telleria eta Olatz Izagirre euskal preso politikoak aske geratuko dira datozen orduetan, GARAk jakin ahal izan duenez.
08/11/2011 11:04:00
DONOSTIA-. Ion Telleria espetxeratuta dago 2010eko abuztuaz geroztik eta datozen orduetan aske geratuko da 12.000 euroko bermea ordaindu ondoren. Valdemoron dago espetxeratuta egun. Auzitegi Nazionalak bere aurka igorritako euroagindua onartu zuen iaz Paueko Auzitegiak, eta agintari frantsesek Madrilen esku utzi zuten Infozazpi Irratiko esataria. Fernando Andreu epaileak kartzelaratzeko agindua eman zuen ondoren.
Olatz Izagirre, bere aldetik, Brievako kartzelatik irtengo da datozen orduetan. Izagirre 2010eko ekainean Espainiaratu zuten, bere aurkako euroagindua onartu ostean ere. Izagirre 2010eko maiatzaren 6an atxilotu zuen Polizia frantsesak Lapurdin beste hiru gazte independentistekin batera.


