UDALBILTZA
Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta EAJk Udalbiltzaren aldeko elkarretaratzea deitu dute
Alternatibako, Aralarreko, EAJko, EAko eta ezker abertzaleko ordezkariek Udalbiltzaren aurkako epaiketak oinarrizko eskubide zibil eta politikoak zapaltzen dituela salatu dute. Auzipetuei elkartasuna eta babesa helarazteko elkarretaratzea deitu dute larunbaterako Gasteizen.
21/10/2010 13:28:00
GASTEIZ-. Bost indar politikoetako Gasteizko zinegotzi eta zinegotzi ohiek agerraldia egin dute gaur eguerdian 1999ko irailean Euskalduna Jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburen alde lan egitea "beharrezkoa" eta "zilegi" dela aldarrikatzeko.
Helburu eta lan-ildo horietan aurrera egitea ezin dela delitutzat hartu azpimarratu dute. "Hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri-ordezkariak direla", gehitu dute.
Agerrialdian, beste indar politikoetako ordezkarien artean, Gasteizko Udaletxean EAJ, EA eta ezker abertzaleko zinegotzi ohiak izan dira.
Udalbiltzaren aurka burutzen ari den epaiketak oinarrizko eskubide zibil eta politikoak "zapaltzen" dituela salatu dute. Zentzu honetan, ondorengoa adierazi dute: "ordezkaritza demokratikorako eskubidea eta instituzioak modu libre eta demokratikoan sortzeko eta garatzeko eskubidea".
Aldi berean, hautetsi eta langile ohien aurka Auzitegi Nazional espainolean garatzen ari den auzia "irmoki" salatzeaz gainera, Estatu espainoleko Gobernuari fiskal nagusiak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa erretira dezala eskatu diote. Epaituak izaten ari diren 22 lagunenetzat absoluzioa eta askatasuna ere eskatu dute.


