GARA > Azkenak > Euskal Herria

EZKER ABERTZALEAREN AURKAKO ERASOA

Ezker abertzalea: «Inoiz baino indartsuago arituko gara»

Kartzeleratutako militante independentisten lana ez da ezerezean geldituko, izan ere «inoiz baino intentsitate eta ardura handiagoz» arituko da orain ezker abertzalea Euskal Herria eszenatoki demokratiko batera eramateko jardunean.

17/10/2009 11:10:00

DONOSTIA-. Halaxe argitu zuen prentsaren aurrean atzo goizean Tasio Erkiziak, bere kideen inguruko informaziorik oraindik izan gabe, operazio polizial honekin ezker abertzalearen eskaintza politikoa zapuztea bilatzen zutenak «erabat tronpatu» direla gaineratu zuen.

Operazioaren gakoa ezker abertzalearen iniziatibari dioten «beldurra» izan dela defendatu zuen. Izan ere, euren iritziko Estatu espainolak ondo ulertu du «zer-nolako atxikimendu maila eta zer-nolako gaitasun mobilizatzailea piztuko lukeen» argia ikustekoa den eskaintza politikoak.

Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta gainontzeko herritarren atxiloketekin, lortu duten bakarra «konpontzeke dagoen gatazka politikoa are eta ageriago uztea» da, Erkiziaren iritziko. Eta errepresioaren bidetik, gainera, lortzen den bakarra «lanean jarraitzeko dugun determinazioa haztea eta berrestea da», ohartarazi zuen.

Horiek horrela, Euskal Herriko eragile guztiengana zuzendu eta «arduraz jokatzeko» deia egin zieten; euren iritziko «konbikzio demokratiko eta abertzaleak» dituzten eragile sozial, sindikal eta politikoen esku dago orain partida, ezker abertzalearen arabera beraiek artikulatu beharko baitute «aldaketa politiko eta sozialaren motore izango den esparru independentista».

Gaurko mobilizazioa indar metaketaren norabidean pausu garrantzitsua dela sostengatu zuen Erkiziak, herritarrei bertaratzeko gonbita egitearekin batera.

Egungo une politikoa «garrantzi handikoa» dela esan eta euskal jendarteak eragileei ardura exijitzen diela azalduta, «alderdikeriak alboratu eta herriaren behar eta interesak lehenesteko» deia egin zien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo