KALERATZEA
Berangoko Udalak aho batez onartu du Kukullaga Goikoa baserriaren aldeko mozioa
Berangoko (Bizkaia) udalbatza osoak aho batez onartu du EHNE Bizkaiak Kukullaga Goikoa baserriko bizilagunak kaleratzearen aurkako mozioa.
30/09/2011 9:56:00
BILBO-. EAJ, Bildu, PP, PSE eta EB alderdiek, Berangoko Udalean ordezkapena daukaten guztiek, aho batez onartu zuten atzo Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE) Kukullaga Goikoa baserriko bizilagunak kaleratzearen aurkako mozioa.
Onartutako testuan aipatzen denez, Berangoko udalbatzak sostengua adierazi die Kukullaga Goikoa-ko bizilagunei, eta kaleratze agindua emateko bidea ireki duen prozeduraren inguruan EHNE-k eskatutako ikerketa zabaltzeari babesa agertu dio ere.
Kukullaga Goikoan bizi diren 82 eta 76 urteko senar-emazteek asteartean utzi behar zuten baserria, epaitegiak horretarako emandako agindu baten ostean.
Kaleratzea saihesteko, EHNE Bizkaiak protesta antolatu zuen, Berangoko hainbat eragileren babesarekin. Azkenik, nekazarien sindikatuko abokatuari esker, kaleratzea hamabost egunez atzeratzea lortu zuten, kaleratzea bideraezin egiten zuten hainbat faktore –tartean bizilagunetako bat ohean oso gaixorik dagoela eta baserriko ganadua bertatik ateratzeko prozedura behar bezala egin ez zela– kontuan hartuta.
Epaileak baserria husteko agindua eman zuen, senar-emazteek ezin dutelako ordaindu 25.900 eurotako zorra. Bere garaian, baserrian egin zituzten lan batzuk ordaintzeko kreditu bat eskatu zuten. Hasiera batean bankuetara jo zuten arren, erakunde batek eman zien mailegua.
Hiru hilabeteko epea eman zieten zorra kitatzeko, eta 25.900 euroko maileguaren abal gisa, 540.000 eurotan baloratutako baserria eta lursailak jarri zituzten. Berandu ordaintzekotan, berez %5ekoa zen interesa %29ra arte igo zietenez, ordaindu ezinik dira baserritarrak.


