INDEPENDENTISTAK SAREA
Urriaren 12rako martxa bat deitu dute, Espainiak "hondamendira garamatzalako"
Urriaren 12rako II. Martxa Berdea deitu du Independentistak sareak Bilbon, Estatu espainolaren proiektua "gainbehera" doala eta "hondamendira garamatzala" salatzeko.
29/09/2011 15:22:00
BILBO-. Bizkaiko hiriburuaren Venezuela plazan kokatuta dagoen Simon Bolivarren bustoaren aurrean egindako kontzentrazio batean, Independentistak sarearen bozeramale Jon Andoni del Amok adierazi duenez, Estatu espainolaren menpe egonda, "ez dago Euskal Herriarentzako irtenbiderik ez etorkizunik".
Haren iritziz, egungo egoera "oso larria" da eta "ezin dugu geldirik geratu", "gure herriaren etorkizuna arriskuan" jartzen duelako "hondoratzen ari den" proiektu bati "kateatuta" egoteak.
Hortaz, Del Amok "euskal estatua" aldarrikatzearen beharra nabarmendu du, "denon ongizatea" bermatuko duen "benetako demokrazia" eraikitzeko eta "askeak izaten hasteko, geure buruen eta geure etorkizunaren jabe"
Hori dela-eta, datorren urriaren 12an Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko den Martxa Berdean parte hartzeko deia egin dute. Arratsaldeko 5etan abiatuko da burrunba izaera izango duen ekitaldia eta, beraz, zarata egiteko tresnekin joateko deia egin dute, "gure haserreaz jabetu daitezen".


