GARA > Azkenak > Euskal Herria

POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA

Lopezen hitzak "norabide egokian" doazela uste du ezker abertzaleak, baina "ez dira nahikoa"

Ezker abertzalearen iritziz, Patxi Lopezek gaur Gasteizko Legebiltzarrean egin dituen hitzak "norabide egokian emandako urratsa" dira, baina "ez nahikoa". Sortu legezkoa ez izatea "bera kide den PSOEren Gobernuak harturiko erabaki politiko baten ondorio" dela gogorarazi dio.

29/09/2011 14:01:00

GASTEIZ-. Ezker abertzaleak ohar batean nabarmendu duenez, Patxi Lopezen hitzek "bi urteko inmobilismoaren zama mantentzen dute oraindik ere".

Gaur Legebiltzarrean egin duen hitzaldiarekin "euskal jendartearen gehiengoaren aldarrikapenera" hurbiltzen dela uste du eta bere hitzak "norabide egokian emandako urratsa" direla, baina "ez nahikoa".

Aldarrikatu duenez, "euskal preso politikoek dagozkien eskubide guztiak onartuak eta errespetatuak izan behar dituzte" eta EPPKri "ezartzen zaion espetxe politika kriminalaren desaktibazioa berehalakoa eta baldintzarik gabekoa izan behar du".

Bestalde, lehendakariari oroitarazi dio Sortu legezkoa ez bada bera kide den "PSOEren Gobernuak harturiko erabaki politiko baten ondorioz" dela.

Ezker abertzalearen ustez, "espetxe politikaren arloan zein legeztapena eta eskubide zibil eta politikoei dagokionean urratsak ematea urgentea eta ezinbestekoa da, horrela normalizazio politiko eta demokratikoko prozesuan eta eskubide urraketarik gabeko agertokiaren eraikuntzan aurrera egin  ahal izateko".

Imprimatu 
Zabaldu artikuloa: Facebook
Igo