GARA > Azkenak > Euskal Herria

POLIZIA OPERAZIOA

PSOEk gatazkaren konponbiderako irekitzen ari den aukera "zapuztu nahi du", ezker abertzalearen ustez

Euskal Herrian irekitzen ari den aro politikoaren aurkako sabotajetzat jo du ezker abertzaleak gaurko polizia operazioa eta PSOEren "gerra estrategiari" aurre egiteko deia egin du.

14/09/2010 15:06:00

DONOSTIA-. Ezker abertzaleak elkartasuna adierazi die Guardia Zibilak atxilotutako bederatzi lagunei eta haien senide eta lagunei eta "berehala" eta "baldintzarik gabe" aske utz ditzatela eskatu du. Horrekin batera, inkomunikatuta dituzten bitartean atxilotuek jasan dezaketen tratuaren inguruan kezka "sakona" azaldu du.

Gaurko polizia operazioa Euskal Herrian irekitzen ari den fase politiko berriaren aurkako "sabotajea" da ezker abertzalearen ustez, joan zen larunbaterako deituriko manifestazioen debekua bezala.

"PSOE gerra estrategia batean lerrokaturik dago eta Euskal Herrian bakerako eta gatazka politikoaren konponbide demokratikorako irekitzen ari den aukera zapuztu nahian dabil", salatu du.

Ezker abertzaleak dei egin die "beste aro politiko bat irekitzeko lanean" ari diren eragileei PSOEk "Estatuko aparatuen bidez eta Rubalcabaren hitzetan PNVrekin adostasunez garatzen duen politika arduragabe honi" aurre egin diezaioten.

"Espainiar Estatuak Euskal Herrian burutzen duen eskubide urraketa masiboa eta euskal herritarron aurkako indarkeria bertan behera utz dezan behartzeko esfortzuak biderkatzeko garaia da, oinarri demokratikoen aldeko lana eta herri mobilizazioa indartuz", nabarmendu du ohar batean.

Azkenik, atxiloketak salatzeko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Imprimatu 
Zabaldu artikuloa: Facebook Zabaldu
Igo