EUSKAL PRESO POLITIKOAK
Estropadetan presoen egoera salatzeko deia egin dute
Datorren igandean, Kontxako estropadetan, euskal preso politikoekiko elkartasun mezuak zabaltzeko deia egin du amnistiaren aldeko mugimenduak.
09/09/2010 15:03:00
DONOSTIA-. Heldu den igandean Donostian. estropada egunarekin gozatzeaz gain, euskal preso politikoen egoera salatzeko deia egin du amnistiaren aldeko mugimenduak.
Presoei ezarritako "muturreko egoerak" indarrean jarraitzen duela gogora ekarri du eta espetxeetan egoera "zinez larria" dela nabarmendu du. Sakabanaketa, isolamendua, biziarteko zigorra eta gaixotasun larria dutenen aurkako zigorrak aipatu ditu adibide gisa.
Horregatik, urtero bezala, estropada egunean presoekiko elkartasuna presente egon dadin deia egin du amnistiaren aldeko mugimenduak.
"Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaldu den honetan, euskal preso politikoen eskubideen alde ekimena indartu behar dugu datozen hilabeteotan. Frantziar eta espainiar gobernuek dituzte espetxeetako giltzak, eta ezinbestean bi Gobernu horiei presioa egin behar zaie espetxeetako ateak ireki ditzaten. Abian den prozesu politikoak amnistiarainoko bidea egin behar du ezinbestean", dio bere oharrak.





