JON ANZA
Segurtasun indarrei iraintzea leporatu diote Enparantzari
Jon Anzaren gorpua agertu ondoren emandako agerraldian segurtasun indarrei irain egin ziela egotzi diote Jon Enparantzari.
08/09/2010 12:48:00
MADRIL-. Jon Enparantza euskal preso politikoa eta Jon Anzaren familiaren abokatua martxoaren 13an Baionan egindako agerraldi batean egin zituen adierazpenak direla eta, Entzutegi Nazional espainolean izan zen atzo. Segurtasun indarrei irain egitea leporatu diote.
Amnistiaren aldeko mugimenduak ezagutzera eman duenez, Anza familiaren abokatua dela eta egin dituen adierazpenak abokatu gisa egin dituela esan zion epaileari. Era berean, familiaren tesiak ETAko militantearen heriotza eta gerra zikina lotzen dituela berretsi zuen.
Auziak abokatuen aurkako sumarioarekin "lotura zuzena" zuela esan zuenean, epaileak deklarazioa moztu egin zuen eta galderei erantzungo zien galdetu zion. Ezetz adierazi zion Enparantzak eta deklarazioa amaitutzat eman zuen epaileak.
Amnistiaren aldeko mugimenduak azaldu duenez, "abokatuen aurkako operazioan Jon Anzaren kasuari buruzko dokumentazio ugari eraman" zuen Guardia Zibilak, "Jonen familiaren abokatuak zuen dokumentazioa hain zuzen". Honez gain, gogora ekarri du Enparantzak jasan zituen "galdeketa ilegaletan ere behin eta berriz agertu zela Jon Anzaren izena" eta galdera asko egin zizkiotela afera horren inguruan.
Duela egun bi, Anaiz Funosas galdekatu zuen Poliziak Baionak Jon Anzaren alde Ziburun egindako ekimenaren inguruan.





