GARA > Azkenak > Ekonomia

ERRETIROAREN ERREFORMA

Jende uholdeak hartu zuen Baiona, erretretaren defentsan

Urtea hasi zenetik bosgarrenez, esparru pribatu zein publikoko milaka langile karrikaratu zen Baionan erretreta-sistemaren erreforma arbuiatzeko. Asanblea Nazionalean erretiroa hartzeko adina bi urtez luzatzea xede duen legearen eztabaidari ekiteko eguna aspaldi aukeratua zuten sindikatuek beren desadostasuna agertzeko. Pozik dira atzoko erantzunarekin, baina "presioa areagotu" beharko dutela adierazita, mobilizazioari eustera dei egin zieten langileei.

08/09/2010 8:41:00

BAIONA-. Goizeko euri-jasek sindikatuengan eragindako kezka, lainoak bezala, agudo uxatu zen Baionako tren-geltoki aitzinean jendea trumilka hurbiltzen ari zela ikusi zutenean. Hamaiketarako hamar bat minutu falta zirela CFDT, CFTC, CGT, FO, FSU, UNSA eta Solidaires-eko ordezkariek pankartari eutsi eta, txaranga baten doinuek lagunduta, bideari ekin zioten.

Atzokoa, urte hasieratik bosgarren aldia zen erretiro-sistemaren erreformaren karietara, karrikara jotzen zutela. Orduz geroztik, eta denboran atzera eginez, "aspaldiko" jendetsuena izan zen, sindikatuen esanetan, 15.000 pertsona inguru bildu baitziren Lapurdiko hiriburuan.

Jende uholdea bistakoa zen, baina are eta ageriago geratu zen, ordu eta erdi geroago manifestazioaren burua Herriko Etxera heldu zelarik. Izan ere, orduantxe bertan abiatu ziren azken manifestariak eta Aturri gaineko zubia jendez lepo ikusten zen.

Irudi horren aurrean, "hau bai mobilizazioa", "hemen argi da jendea haserre dela", "Grenet diputatu jauna, begira jendetza. Erreformaren alde bozkatu behar al duzu?" eta antzeko esaldiak jaurti zituzten sindikatuen bozgorailuek.

Deialdi bateratua

Deialdi bateratua egin zuten langile sindikatuen ibilaldia CFDTren blokeak ireki zuen eta CGTrenak itxi. Haien atzean, ohi bezala, LABeko blokea eta beste erakunde eta alderdietako kideak. Zerbitzu publikoko arlo ezberdinetako (ospitaleko, posta zerbitzuko, herri-lanetako funtzionarioak, hezkuntzakoak...), langileen pankartak eta esparru pribatukoenak harro ageri ziren jende multzoaren gainetik.

Michel Larralde CFDTko ordezkariak irakurri zuen sindikatuen mezu bateratua. Hasierako pankartan jaso bezala, sindikatu nagusiek "bestelako erreforma" behar dela adierazi zuten. Atzo bertan Asanblea Nazionalean eztabaidatzen hasi zen legeak, nabarmendu zuenez, "ez die ez gazteen, ez erretiratuen, ez emakumeen eta ez lan-nekosoen arazoei erantzuten" nabarmendu zuen.

Erretreta hartzeko adina bi urtez atzeratzeak (60tik 62ra borondatez hartzen delarik, 65etik 67ra derrigorrezko muga soldatapekoentzat) langileak, batez ere oso gazte lanean hasitakoak edota lan-ibilbidean eten asko izandakoak, "kaltetu" egingo dituela adierazi zuen.

Finantziazio desegokia


Erretiro sarien finantziazioari dagokionez, kapital irabaziak eta diru-sarrera gehien dituzten esparruek "soilik %15 ekarpena" egiten dutela salatu zuen eta Gobernuari papy-boom fenomenoari aurre egiteko urteetan metatutako erreserbak xahutzea egotzi zion. "2018rako orekatuko duela dio Gobernuak baina, egiaz, arazoa hurrengo belaunaldien gain uzten du", esan zuen CFDTko buruak.

"Sakoneko eztabaida eta adostasunik gabe" hilabete batzuetan erreforma plantan jarri nahia ere leporatu zion Sarkozyri eta bere Gobernuari, "asmo burugabe hori bertan behera" utz dezala exijitu aitzin.

Ildo horretan, Pirinio Atlantikoetako departamenduko diputatu eta senatariekin bilkurak egiten ari direla iragarri zuen, erreformarekiko desadostasuna azaltzeko eta euren jarrera agertu dezaten eskatzeko.

Langileei desadostasun hori kalean ozenki adierazten jarraitzeko deia eginez amaitu zuen hitzartzea. Ez dute espero Lan ministroak sindikatu nagusien ordezkariekin datozen egunetan izango dituen bilerak "berehalakoan emaitza onargarririk" izango dutenik: "Maleruski, borrokan segitu beharko dugu eta litekeena da oso, heldu den astean berriro kalera irtetea".

Imprimatu 
Zabaldu artikuloa: Facebook Zabaldu
Igo