MOBILIZAZIOAK
Erretiroaren erreformaren aurkako mobilizazioak jendetza bildu du Baionan
Baionan erretiroaren erreformaren aurka egin den manifestazioak 15.000 lagun bildu ditu, adierazi dute sindikatuek.
07/09/2010 8:52:00
BAIONA-. Gaurko mobilizazioak 15 000 lagun goiti bildu dituela jakitera eman dute sindikatuek eta jaso egin du Kazeta.info agerkariak.
Dioenez, intersindikalak deituriko martxaren burua Herriko Etxera heldu denean, azken manifestariek ibilbideari ekin diote. Intersindikalaren izenean CFDTk hartu du hitza eta manifestazioaren oihartzun zabala nabarmendu du.
Manifestaldiaren azkeneko partean, LAB sindikatuko afiliatuak, Oldartu kolektiboa eta alderdi edo elkarte tipien ordezkariak paratu dira.
LABek hitzartzea berezia egin du, heldu den irailaren 18an Baionan eginen duen manifestazio nazionalera deituz. Oldartu plataformak, bestalde, milaka eskuhorri banatu ditu martxan zehar, gaur Lan Burtsan eginen duen biltzar nagusian parte hartzera deituz.
Arlo publiko zein pribatuko langileak izan dira, edonola ere, martxaren protagonistak. Dassault, Hôpital Marin, lurralde agenteak... arloz arloko eta lantokiz lantokiko banderola anitz azaldu dira euripean hasi eta zerua argia zelarik bururatu den manifestazio erraldoi honetan.
Parisko Asanblea Nazionalean erretreta-sistema erreformatuko duen legea eztabaidatzean hastearekin batera, langile-sindikatuek euren desadostasuna agertu nahi izan dute, berriro ere, eta horren karietara, manifestazio ugari egingo da Estatu osoan.





