HEZKUNTZA
Ikasle gehiago matrikulatu dira ikastetxe publikoetan hitzartu eta pribatuetan baino
Lehen aldiz, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikastetxe publikoetan matrikulatu diren ikasleak zentro pribatu eta itundutakoetakoak baino gehiago dira. D ereduak gora egin du eta A eta B ereduek, aldiz, behera.
03/09/2010 14:00:00
GASTEIZ-. 2010-11 ikasturterako Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban hezkuntza ez unibertsitarioan matrikulatu diren 6.880 ikasle berrietatik %79k ikastetxe publikoak hautatu dituzte eta, horrenbestez eta lehen aldiz, zentro publikoetan ikasiko dutenen kopurua (%50,3) pribatu eta itunduetan ikasiko dutenena baino zertxobait handiagoa da (%49,7).
Bizkaia da zentro pribatu eta hitzartuetan publikoetan baino ikasle gehiago matrikulatuak dituen herrialde bakarra (%51,1).
Isabel Celaa Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuak eman ditu datu horiek gaur Gasteizen, eta irakaskuntza publikoa "finkatzen" ari dela nabarmendu du.
Sailburuak emandako datuen arabera, D ereduak azken urteetako joerari eutsi dio eta gora egin du. Aurreko ikasturtean ikasleen %57,3k hautatu zuen eredu hori, eta 2010-11 ikasturtean, berriz, %58,8k.
B eredua %22,9tik %22,3ra jaitsi da, eta A ereduan ikasiko dutenen kopuruak ere zertxobait behera egin du aurreko ikasturtetik: %19,7tik %18,9ra.
Haur hezkuntzan, ikasleen %71,1 D ereduan matrikulatu dira; %23,7 B ereduan eta %5,2% A ereduan.
Batxilergoan eta lanbide heziketan A eredua aa hautatuena (%59,4). D ereduan %39,1ek ikasiko du eta B ereduan %1,5ek.





