GARA > Azkenak > Euskal Herria

EUSKAL PRESO POLITIKOAK

Presoen eskubideen aldeko aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko deia egin dute arraunlariek

Datorren iganderako deituta zuten manifestazioa bertan behera utzi dute arraunlariek Lakuaren debekuaren ostean, baina estropaden egun handian euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko deia egin dute.

08/09/2009 13:13:00

DONOSTIA-. Igande honetan, Kontxako estropadetako egun handian, preso politikoen eskubideen aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko deia egin du arraunlarien taldeak. "Bide honetan, aurrerantzean ere hiru aldarrikapen nagusi hauen –gaixotasun larriak dituzten preso politikoak askatzea, kondena beteta dutenak libre uztea eta sakabanaketarekin amaitzea– gure apurra ematen jarraitzeko deia" egin dute arraunlariek prentsa agiri batetan.

Lakuako Barne sailak debekatu egin du iganderako deituta zuten manifestazioa "aurreko urteetan" izandako "istiluen" argudiopean.  "Estropada egunean istiluak izan dira ertzainek edo beraien nagusiek horrela nahi izan dutenean", nabarmendu dute arraunlariek.

Gogoratu dutenez, urteak dira estropaden egun handiko deialdian parte hartzen dutela. "Milaka eta milaka euskal herritarrek presoek bizi duten egoera larriari lekutxo bat egin izan diote urtero jai handi honen barnean eta poliziak berau oztopatzen hasi ziren arte manifestazio hau normaltasun osoz burutu izan dela argi esan nahi dugu".

Beraz, presoen eskubideen alde deitutako manifestazioa debekatzeko argudioa "tranpa handi bat egitea" dela diote plazaratutako hausnarketan. "Beraiek sortu dituzte istiluak eta, ondoren beraiek sorturiko istiluak aitzakia gisa erabitzen dituzte guk deitu dugun manifestazioa debekatzeko. Baina praktikan, urtez urte argi gelditu da erabal osagarriak direla Kontxako estropada burutzea eta manifestazioa egitea".

Nabarmentzen dutenez, "arraunzaleak gara eta gure herriari lorturik bizi gara". Lotsagarritzat jotzen dute gaixotasun larriak dituzten preso politikoen askatasunaren alde, kondena beteta dutenak libre uztearen alde eta sakabanaketarekin amaieraren alde kalera ateratzea debekatzea. "Minbizia duten presoak espetxean mantentzea da delitua, eta ez preso horien askatasuna eskatzea", adierazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo