AHT BERRIAREN IBILBIDEAREN PERIMETROA
Larrun mendia zulatzeko arriskua, trenbide berriaren egitasmoan
Irailaren 17an, Baionako Subprefekturan Frantziako Trenbide Sarearen, Ipar Euskal Herriko hautetsien eta hainbat erakundeetako ordezkarien artean egitekoa den bilkuran ofizialki aurkeztuko dute trenbide berriaren ibilbidearen perimetroa. Ondoko hilabeteetan, gune horretatik abiatuta ikerketak egingo dituzte ibilbide zehatza finkatzeko. Trenbidearen trazatua 2010. urtean aurkeztuko dute. Orduan argituko da, esaterako, Larrun.
08/09/2009 8:37:00
BAIONA-. Abuztuaren 27an Baionan egindako bilkuraren ondoren erabaki zuten trenbide berriaren ibilbidearen perimetroa irailaren 17an ofizialduko dute. Ikertzen ari diren proposamenak, urte hasieran aurkeztutako aukerarekin alderatuta, zenbait aldaketa dakartza. Aldaketa nagusia da ibilbidea Azkaine eta Larrun aldera lerratzeko aukera, inguru hori urte hasierako perimetroan kanpoan geratu arren.
Aukera horrek zeresan handia eman du. Zenbait hautetsi pozik agertu ziren horrekin, urbanizazio maila txikiagoa duen ingurua zeharkatuko lukeelako, eta tunel gehiago eginik paisaiaren gaineko eragina murriztuko litzatekeelako. Horren aurrean, Azkaineko auzapezak eta ingurumenaren aldeko elkarteek tunelek ere ingurumenean kalte handiak eragiten dituztela ohartarazi dute.
Beste hiru aldaketa nabarmen ere badira: Bidarteko lotura desagertu egiten da; Hendaiako merkantzien geltokiarekin lotura desagertzen da; eta Baionako geltokiarekin lotuko da. Abuztuko bilkuraren ondoren azaldutakoaren arabera, Baionako hiriguneak AHTren geltokia izango du, gaur egun dagoenaren ondoan. Horiek horrela, Baiona ingururako hasieran proposatutako hiru aukeren artean, autobideari segitzen dion Megnonekoa baztertu egiten da. Beste hainbat eremutan ere perimetroa txikitu egin da.
Trenbide berria, Aturri zeharkatu ondoren, Mugerreko merkantzia zentro ingurutik pasatuko litzateke. Milafranga eta Uztaritze zeharkatu ondoren, bi aukera agertzen dira; autobideari jarraituta, kostaldetik; edo Senpere eta Azkainetik pasatu, eta hiru tunelen bitartez Larruneko magalak zeharkatuta. Biriatura helduko litzateke, autobide eta herrigunearen artean, "euskal Y"arekin lotura egiteko.
Tunelak eta arazoak
Donibane Lohizunetik eta Azkaine eta Senperera arteko zatirako bi perimetro posible agertzen dira. Tartean urbanizazio maila txikia daukan inguru bat dago, baina perimetroa definitzeko, Azkaineko erdigunera hurbiltzea deliberatu dute, tunelak egin ahal izateko. Baztertutako aukeran, berriz, eremu laua da, itsasoaren mailan. Hautu horrekin, hautetsi askoren kezka den paisaiaren zaintza bermatuko litzateke. Donibane Lohizuneko auzapez Peyuco Duharte Larrungo aukerarekin pozik agertu zen "horrela, urbanizazio maila txikiagoa duen toki batetik pasatuko litzatekeelako".
Abuztuko bilkuratik irtetean, bertan izan ziren hautetsiek tunelen bidez gauzatzekoa den Azkaineko aukera lehenetsi zuten, baina Cade-ko bozeramaile Victor Pachonek autobidearen ondotik doan ibilbidea hobetsiko duela adierazi zuen, arrazoi ekonomikoak direla-eta -bestea askoz garestiagoa delako-, baina segurtasunari eta ingurumenari loturiko arrazoiek ere garrantzi handia daukatela nabarmendu zuen. Izan ere, trenbidetik gai arriskutsuak garraiatuko badira, ezin dira 5.000 metro baino gehiago dituzten tunelak egin. Bestalde, bidaiari-trenek tuneletan ezin dute bat egin halako gaiak garraiatzen dituzten trenekin, beraz ordutegiak egokitua izan beharko luke, eta horrek trenen maiztasunean eragina izan lezake.
Proposamen horrek ingurumenaren gainean izango lituzkeen eraginak handiak lirateke Larrun mendiaren magalean. Gaur egun Azkaineko herriaren ur beharra betetzen duten iturriak kenduko lituzkete. Hori dela-eta, Azkaineko auzapez Jean-Louis Laduche oso haserre agertu da aukera honekin. Bestalde, Larrungo inguru bat Natura 2000 planaren barnean dago.
Cade kolektiboak eta kontseilari orokorra eta Hiriburuko auzapeza den Alain Iriartek behin baino gehiagotan adierazi dute Frantziako Trenbide Sarekoak hautetsiak banantzeko erabiltzen ari direla tunelen aukera. Izan ere, trenbide berriaren kontra dauden hiru herri elkargoetako zenbait auzapezek sarri adierazi izan dute tunelak egitekotan onargarriagoa litzatekeela.
Baionako geltokiaren arazoak
Trenbide berria eta Baionako geltokia lotzeko ibilbidea zehaztuta ez baldin badago ere, gaur egun dauden trenbideetako bat erabiliko litzateke. Horren arabera, 15 eta 20 kilometro inguruko zatian gertuko trenen abiadura hartu beharko luke tren horiek ere, eta beraz irabazitako denbora galduko lukete hor.
Trenbide zaharretik hamabi AHT pasatzen dira egun, eta horietatik hiruk erabiliko lukete trenbide berria. Pachonek adierazi zuen: "Lehen urteetan bai, baina denborarekin, konturatuko dira ez duela merezi, eta ez dira Baionatik pasatuko".





