GARA > Azkenak > Euskal Herria

EZKER ABERTZALEAREN AURKAKO ERASOA

Ino Galparsorok ongi etorri hunkigarria jaso du Arrasaten

Arrasateko plaza jendez gainezka zegoen arratsaldeko 19.30etarako, bere alkateari ongi etorria egiteko ordua. Ekitaldi hunkigarri eta umoretsua izan da aldi berean, eta Galparsorok, bizilagunek emandako indarra dela-eta, Alkatetzari "gogo gehiagorekin" helduko diola azaldu du.

30/07/2008 20:46:00

ARRASATE-. Ongi etorri hunkigarria egin diote gaur Arrasateko bizilagunek haien alkateari, Ingo Galparsorori. Hiru hilabetez espetxean izan ostean, bere herrikoen berotasun xamurra jaso ahal izan du ekitaldi umoretsu batean.

Hainbat bertso eta dantzaren ostean, Xabier Zubizarreta, herriko alkate ohiak hartu du hitza. Galparsororen espetxeratzea "denon aurkako erasoa" izan dela adierazi du, eta sufrimenduak ez dituela haien bidetik aterako gaineratu du. Horregatik, elkarrizketa eta akordioaren aldeko hautua egina dutela esan du. "Hori lortzen saiatuko gara, hori baita herriak nahi duena", adierazi du Zubizarretak.

Bukaeran, Ino Galparsoro berak hartu du hitza. Lehenbizi, ez ditu aipatu gabe utzi nahi izan espetxean lagun izan dituen kideak. Haien laguntza eskertzeaz gain, preso politikoak nahiz ihes egindako euskal herritarrak ere izan ditu gogoan.

Espetxean zen bitartean, Arrasaten bere alde egindako ekimenen berri izan duela adierazi du, eta hori ikusitakoan, inoiz baino konpromiso sendoagoa hartuko duela eta Alkatetzari gogo gehiagorekin ekingo diola azaldu du.

Ekitaldia amaitutakoan, manifestazioa abiatu da herrian barrena eta ondoren afaria antolatu dute arrasatearrek Uarkape pilotalekuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo