BARANDIARANEN HERIOTZAREN URTEURRENA
Joseba Barandiarani egin nahi zioten omenaldia oztopatu du Ertzaintzak
Duela 30 urte Joseba Barandiaran hil zuten tokian, Donostian, omenaldia egin nahi izan diote gaur goizean lagunek, baina Ertzaintza oldartu egin zaie eta ezarri nahi zuten pankarta kendu egin die.
11/07/2008 10:14:00
DONOSTIA-. Joseba Barandiaran gaztea tiroz hil zuen duela 30 urte Polizia espainolak Donostian, German Rodríguezen heriotza salatzeko egin ziren protestetako batean.
Gaur heriotzaren urtemuga betetzen dela-eta, lagunek omenaldi xume bat egin nahi izan diote goizean hil zuten tokian, San Bartolome kalean, Aldapeta ondoan.
Lekuko batek GARAri azaldu dionez, Barandiaranen argazkia zeraman pankarta ireki orduko, Ertzaintza agertu da eta kendu egin die, baimenik ez zutela argudiatuta. Gainera, bertan zeuden guztiak identifikatu ditu. Azkenean, lore sorta bat utzi ahal izan dute gaztearen oroimenez.
Arratsalderako beste omenaldi bat antolatu dute Astigarragan, bere jaioterrian, 20.00etan bere izena daraman plazan.
Herenegun, ehunka lagunek parte hartu zuten Iruñean German Rodriguezen oroimenez egin zen ekitaldian, eta han ere Joseba Barandiaran gogoan izan zuten.
Donostiako udal talde independentistak Ertzaintzaren jarrera salatu du eta "herri honetan Estatu terrorismoak hildako pertsonak oroitzen ere ez" dutela uzten nabarmendu du.
Sakaleta
Horrekin batera, Donostiako Udalaren jarrera "irmoki" gaitzetsi eta Odon Elorza alkateak "eta enparauek gatazkak eragindako sufrimenduaren erabilpen lotsagabea" egiten dutela salatu du.
"Biktimak zein diren eta zeintzuk ez erabakitzeko bi neurgailu dituzte, eta kasu honetan bezala, beraiek erabakitzen dituztenak hortik kanpo uzten dituzte", dio talde independentistak ohar batean.




