TXIRRINDULARITZA
Alejandro Valverderentzat izan da lehen etapa
Alejandro Valverde murtziarra (Caisse d'Epargne) da Tourreko lehen etaparen irabazlea eta, beraz, lehen liderra.
05/07/2008 11:14:00

BREST-. Bretainian ekin diote gaur txirrindulariek Tourraren lehen etapari. Brest-etik abiatu dira eta Plumelec-en amaitu dute, 197,5 kilometro egin ondoren. Tartean, 4. mailako lau mendate igo behar izan dituzte.
Zortzi txirrindularik –Voeckler, De la Fuente, Pérez, Arrieta, Lequatre, Schröder, Jégou eta Augé– ihesaldia egin dute 17. kilometrotik aurrera eta 7 minutu eta 30 segunduko abantaila lortu dute, baina azkenean harrapatu egin dituzte. Helmugarako 34 kilometro falta zirela, De la Fuentek eta Jégouk ihes egin dute taldetik baina helmugatik 6 kilometrora tropelak irentsi egin ditu.
Azkenean, Alejandro Valverde izan da azkarrena amaieran, esprintean. Haren atzetik sartu dira Phillipe Gilbert (Française des Jeux) eta Jerôme Pineau (Bouygues Télécom).
Bihar Auray-tik aterako dira txirrindulariak eta Saint-Brieuc-en amaituko dute, 164,5 kilometro egin ostean. Laugarren mailako hiru mendate eta hirugarren mailako bat igo beharko dituzte.
3.500 kiometro guztira
Guztira 21 etapa osatu beharko dituzte txirrindulariek, eta aurten Pirinioak Alpeen aurretik igaroko dituzte, uztailaren 13an eta 14an, hain zuzen ere. Lehenean Toulousetik Bagnères de Bigorrera joango dira, eta tartean Peyresourde eta Aspin igo beharko dituzte.
Biharamunean, berriz, Auñamendietako etapa nagusia izango dute, Pauen hasi eta Hautacam mendateko gainean bukatuta. Tartean Tourmalet mitikoa igo beharko dute.
Alpeetara lasterketaren azken herenean iritsiko dira. Prato Nevoso, Alpe d'Huez, Galibier, Croix de Fer eta Col de la Lombarde dira garaitu beharreko mendateetako batzuk, zein baino zein gogorragoa.
Faboritoei dagokienez, Cadel Evans jotzen dute gehienek faborito nagusitzat, baina australiarrarekin batera aukera handia da aurten, eta horrek lehia polita eta berdindua izatea eragin dezake: Damiano Cunego, Denis Menchov, Oscar Pereiro, Carlos Sastre, Alejandro Valverde, Kim Kirchen... kinieletan agertzen dira.




