GARA > Azkenak > Kultura

EUSKAL ZINEMA

Lehen euskal dokumentalak aurkeztuko ditu Filmategiak Zinemaldian

Gotzon Elortza euskal zinemagileak 1959an hasita sortutako lehen euskal dokumentalek duten garrantzia azpimarratu du Joxean Fernandez zuzendariak.

13/07/2011 18:34:00

DONOSTIA-. Kulturarentzat urte zaila izan dela esanez hasi du Joxean Fernandez Euskal Filmategiko zuzendariak. Aurreikusita zituzten ekintzak guztiz baldintzatu ditu krisiak, dirulaguntzetan izandako murrizketak medio. Honela, 2010ean, urtero euskal zinemari lotuta argitaratu izan duten liburua ateratzerik ez dute izan, jarduna defizitarekin amaitu baitute.

Orain arte zuzendari kudeatzaile zen Mikel Arregiren tokia abenduaz geroztik Joxean Fernandezek hartu zuen, eta honek auspo berria eman diola Filmategiari adierazi du Antonio Rivera Lakuako Kultura sailburuordeak. Horrekin batera aipatu du trantsizio prozesu batean sartuta dagoela erakundea, artxiboen zaintze eta kontserbazio lanez gain, zabalkundea, kultura zinematografikoari ekarpena eta gainontzeko filmategiekin harremana estutzea nahi dutelarik.

Aurrera begira egin asmo dituzten proiektu berrien artean aipatzekoa da Euskadiko Ikus-Entzunezko Artxiboen Sarearen eraketa. Tabakalera Mediateka, Eresbil –euskal musikaren artxiboa– eta Xenpelar Dokumentazio Zentruaren elkarlanarekin sortu asmo duten sareak, ikus-entzunezkoaren arloan lanean dabiltzan artxiboen arteko harremana estutzea du helburu.

Horrekin batera, erakundearen egoitza Tabakalerara lekuz aldatzeko asmoa dutela ere aipatu dute. 2015erako eraikina prest egotea espero da, eta data horretarako prest izateko, Euskadiko Filmategiko liburutegia, Artelekuko liburutegia eta Tabakalerako mediatekaren arteko bateratze prozesuan ari dira lanean.

Lehen euskal dokumentalak

Gotzon Elortza (http://www.filmotecavasca.com/eu/pertsonaiak/link/?id=01131) zinemagile bizkaitarrak 1960. hamarkadan Parisen bizi arren, ikus-entzunezkoek euskararen biziraupenari eman ziezaiokeen bultzadaz konturatu eta muga zeharkatuta, hainbat ordu filmatzeari ekiten zion.

Frankismo garaian euskararen esparru txiki eta zapaldua kontserbatu nahian egindako filmak dira "Ereagatik matxitxakora", "Elburua Gernika" eta "Aberria" –zentsuraren beldurrez "erria" izena eduki zuena–. Hiru lan horien irudiak Bartzelonako laborategi batean eraberritu dituzte, eta nahiko egoera txarrean zegoen soinua Donostiako Rec estudioan hobetu dute. Laugarren dokumental bat ere bada, "Avignon" izenekoa, oraindik honen zaharberritzea egin ez bada ere.

Euskaraz pentsatu eta sortutako lehen dokumental hauek, aurtengo Zinemaldian, Zinemira sailean "premier" mundialean aurkezteko asmoa agertu dute, "Euskal Herriarentzat duen garrantziaz gain, zinemarentzat orokorrean duen garrantziagatik" Joxean Fernandezen hitzetan.

Dokumentu hauek aurkezpen horretan soilik geldi ez daitezen, eta euskaldun orok ondare hau edukitzeko izan dezakeen gogoari erantzun asmoz, Lakuako Kultura Sailarekin elkarlanean, dokumental hauek etorkizun batean DVD euskarrian argitaratu eta zabalkundea ematea nahiko luketela adierazi du Fernandezek.

Aurkezpenak

Honez gain, udazkenerako Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarraren liburua eta atzera begirakoa aurkeztuko dituzte. Aipagarria da zuzendariaren filmografiaren garrantzia, Filmategiak egingo duen lehena baita.

Bestalde, azaroak 13-14rako San Telmo museoan Estatu espainoleko eta Portugalgo filmategi guztien seminarioa izango da. Bertan alor horretako antolakundeen arteko elkarlana eta elkartrukea sustatzea izango dute helburu.

Azarotik aurrera Donostiako Udalak egin ohi duen Nosferatu zine zikloa eta ondorengo liburuaren argitaratzean ere elkarlanean arituko dira Euskal Filmategiarekin. Aurtengoan Federico Fellini italiar zuzendari handiari eskainiriko zikloa izango da.

Urtero legez, Kimuak 2011 ere aurkeztuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako laburmetraien katalogoa. Mundu osoan mugitu eta ezagutzera emateko xedea du programa honek. Aurtengo berezitasunak honakoak: animaziozko film laburrek hartu duten protagonismoa,Arabako bi lanen presentzia eta euskarazko bi film izango direla.

Hauek dira Kimuak 2011 osatuko duten laburrak:

"Amar" (Isabel Herguera)
"Artalde" (Asier Altuna)
"Daisy Cutter" (Enrique García, Rubén Salazar)
"Exhibition 19" (Alaitz Arenzana, Maria Ibarretxe)
"La gran carrera" (Kote Camacho)
"Khorosho (Todo bien)" (Miguel Ángel Jimenez)
"Un novio de mierda" (Borja Cobeaga)
"Ondar ahoak" (Angel Aldarondo)
"El premio" (Elías León Siminiani)

Film "erdi-ahaztuak" eramateko eskaera

Partikularren esku dauden film zaharrak Euskal Filmategiaren esku uzteko eskatu dute, haien artxibatzeak eta katalogatzeak duten garrantzia ikusita. Urte honetan bertan 57 partikularrek emandako 775 bobina jaso dira Filmategian."

Imprimatu 
Zabaldu artikuloa: Facebook
Igo