GARA > Azkenak > Kirolak

TOURRA

Cavendish-ek errebantxa hartu du

Atzokoan Greipel-ek lapurtu zion garaipena, baina gaurkoan Cavendish izan da azkarrena Lavaur-eko helmugan.

13/07/2011 17:06:00

LAVAUR-. Blaye-les-Mines eta Lavaur artean jokatu da gaur Tourreko 11. etapa, 167,5 kilometrotakoa.

Eguraldi nahasia izan dute beste behin ere txirrindulariek jardunaldian zehar, eta euripean egin dituzte azken kilometroak, baita helmugan jokatu den esprinta ere.

Errebantxa hartu du Mark Cavendish-ek gaurko etapan. Atzokoan Greipel-ek lapurtu zion garaipena, baina gaurkoan txirrindulari britainiarrak bere azkartasunaren erakustaldi berria egin du.

Tourrean lortu duen 18. garaipena da, aurtengo edizioko hirugarrena.

Sei gizonek osatutako taldeak burutu du eguneko ihesaldirik nagusiena; tartean izan da Ruben Perez Euskaltel-Euskadiko txirrindularia, baina ez dute helmugaraino iristea lortu. Azken kilometroetan irentsi ditu tropelak.

Pirinioetako lehen etapa jokatuko dute bihar tropeleko gizonek. 211 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, eta Luz-Ardiden-en amaituko da jardunaldia, 1.715 metrotako gainean.

Imprimatu 
Zabaldu artikuloa: Facebook
Igo