EUSKAL PRESO POLITIKOAK
Aranaldek gose greba utzi du, baina Karreraren protestak aurrera segitzen du
Mikel Karrerak gose greban jarraitzen duela adierazi du amnistiaren aldeko mugimenduak.
19/07/2010 12:25:00
DONOSTIA-. Maite Aranaldek asteburu honetan utzi du gose greba, amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez. Parisko Instrukzio epaileak Aranalderen eta Mikelo Karreraren bakartze egoerarekin amaitzeko konpromisoa hartu ondoren hartu du erabakia. Alabaina, Karrerak protestan jarraitzen du eta hala segituko du, bere senitrartekoei gaur azaldu dienez, «espetxearen aldetik bere bakartze egoera aldatuko dela jakinarazpen bat jaso arte».
Hiru aste daramatza baraualdian, eta dagoeneko 11 kilo galdu ditu.
Aranalde eta Karreraz gain, Arkaitz Agirregabiria, Mattin Olzomendi eta Joseba Fernandez dira gose greban egon diren beste euskal presoak.
Larunbatean Poitierseko espetxera joan ziren 75 euskal herritar, Aranalde, Olzomendi eta Fernandezi elkartasuna adieraztera. Inguruan bizi diren hainbat lagunek ere bat egin zuten protestarekin.





