GAZTESAREAREN AURKAKO OPERAZIOA
Gazte mugimenduaren aurkako eratsotzat jo dute Gaztesarearen aurkako operazioa
Gaztesarearen aurkako operazioa gazte mugimendu osoaren eta adierazpen askatasunaren kontrako erasoa izan dela salatu dute gazte alorreko hainbat eragilek eta horregatik gizartearen inplikazioa beharrezko jo dute, "gure alternatibak eraikitzen jarraitzeko".
31/07/2009 17:31:00

BILBO-. Bilbon egin duten agerraldian, gazte mugimenduko hainbat lagunek herenegungo operazioa gazte mugimendu osoaren aurkako erasotzat jo dute, komunikazio proiektu horren bidez Euskal Herriko gazte mugimenduaren eguneroko errealitatea "lau haizeetara" zabaltzen delako, "hedabide handietatik datorren gazteen kriminalizaziotik urrun".
Horretaz gain, Gaztesarea euskal herri eta auzoetako errealitatearen "ispilu" izan dela nabarmendu dute, "ikasle mugimendu, gazte asanblada, gaztetxe, musika talde, kultur adierazpen eta orokorrean gazteen lanaren isla".
Gogora ekarri dutenez, egitasmoaren ardatz bakarra ez da informazioa eta beste hainbat bitarteko ere eskaini ditu, hala nola "herri eraikuntzan urratsak ematen jarraitzeko bizi balore askatzaileak bultzatu ditu eta horien inguruko eztabaidak sustatu" ditu.
"Azken sei urteotan gazte mugimenduak egin duen lanaren artxibo izugarria ere bada, argazki, audio, bideo eta dokumentuz osatua", erantsi dute.
Gazteen iritziz, horrek guztiak agerian uzten du gazte mugimenduaren aurkako erasoa izateaz gain adierazpen askatasunaren aurkako "eraso larria" ere badela.
"Azken urteetan Euskal Herrian bizi dugun eskubideen murrizketen beste adibide bat gehiago da hau. Aipatu beharrekoak dira 'Egin', Egin irratia, 'Ardi Beltza' eta 'Euskaldunon Egunkaria'. Asteazkenean ikusi genuen irudiak duela sei urte bizi izan genuena gogorarazi zigun: Guardia Zibila Martin Ugalde Kultur Parkean", adierazi dute.
Hala ere, horren aurrean etsitzeko unea ez dela uste dute, eta "orain inoiz baino gehiago guztion indarrak bildu eta gure alternatibak eraikitzen jarraitzeko ordua da".
Horregatik, gizartearen inplikazioa "ezinbestekoa" dela nabarmendu dute, eta abuztuaren 7an Donostian arratsaldeko 18.00etan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.





