GAZTESAREAREN AURKAKO OPERAZIOA
Gaztesarearen aurkako operazioan hiru pertsona atxilotu dituzte
10.40 aldera Martin Ugalde Kultur Parkera hainbat guardia zibil joan dira eta Gaztesarearen aurkako operazioarekin lotuta Alberto Martinez, Iker Acero eta Arkaitz Artola atxilotu dituzte. Algortan eta Artziniegan 20.00etatik aurrera manifestazioak egingo dira.
29/07/2009 10:52:00
DONOSTIA-. 10.40 aldera Martin Ugalde Kultur Parkera hainbat guardia zibil joan dira Gaztesarearen aurkako operazioan eta Alberto Martinez, Iker Acero eta Arkaitz Artola atzeman dituzte. Operazio hau Fernando Andreu Audientzia Nazionaleko epailearen aginduz egiten ari dira, Segi finantzatzea egozten baitzaiei Gaztesarea web orriaren arduradunei. "ETAren aldeko bonoak saltzen" dituela diote ikerketako iturriek.
Lehenengo atxiloketa Artziniegan izan da, Gasteiztik 55 kilometrora. Bertan Alberto Martinez atxilotu dute, web orriaren arduraduntzat jo duten pertsona.
Bigarren atxilotua Iker Acero surflari algortarra izan da. Barrikan bizi da gaur egun eta goizaldean bertako bere etxean atxilotu dute, amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez. Guardia Zibilak bere etxera joan dira, eta atxiloturik eraman dute. Horren ostean, Gaztesarearen egoitzara eraman dute.
Paper bat erakutsi diete bere etxekoei, eta ETAkoa izateagatik edo ETAri laguntzeagatik atxilotze agindua zutela esaten da bertan, aipatutako iturriak esan duenez.
Bi atxilotuen etxeak miatu ditu Guardia Zibilak eta baita Martin Ugalde Kultura Parkean dagoen Gaztesarearen egoitza ere.
Gaur goizean Guardia Zibila Martin Ugalde Parkean Gaztesareak duen egoitzara joan denean bertan aurkitzen zen Arkaitz Artola eta atxilotua izan da.
Bihar Polizia etxean hartuko diete deklarazioa eta ostiralean Audientzia Nazionalera eramango dituzte, amnistiaren aldeko mugimenduaren arabera.
Gaztesareari eta bertako lagunei elkartasuna adierazi diete amnistiaren aldeko mugimendutik eta gaurko operazioa "adierazpen askatasunaren eta oinarrizko askatasun demokratikoen aurkako erasoa" izan dela salatu dute.
Manifestazioa
Iker Aceroren atxiloketa salatzeko manifestazioa burutuko da gaur arratsaldeko 20.00etan Algortako Telletxen. Bestalde, Artziniegako frontoian ere protesta egingo da ordu berean Alberto Martinez eta Iker Aceroren atxiloketak salatzeko.





