SALAKETA
Berastegiren ustez poliziak dira bera bahitu zutenak
"Lau edo bost aldiz jarri zidaten buruan poltsa, arnasik gabe uzteraino", salatu du Alain Berastegi gazteak bahitu zutenean gertaturikoa azaldu duenean.
24/07/2009 14:41:00

IRUÑEA-. Alain Berastegi gaztea bahitua izan zen orain dela astebete eta gaur Iruñean prentsaurrekoa eskaini du gertaturikoa salatzeko.
Gazteak atzo amnistiaren aldeko mugimenduak salatu zuena berretsi du gaur: ezezagun batzuek zazpi orduz bahituta eduki zutela, eta "torturatu, iraindu eta mehatxatu" zutela. Berastegik adierazi du bere ustez bahitu zutenak poliziak direla.
Irunberri inguruko basoan "lau edo bost aldiz jarri zidaten buruan poltsa, arnasik gabe uzteraino", salatu du Berastegik.
Amnistiaren aldeko mugimendutik "Gobernu espainola bultzatzen ari den gerra zikinaren adierazpen berri baten aurrean gaudela" salatu dute.
"Errepresio estrategiaz" hitz egiten dutenean, "torturaren erabilpen sistematikoaz" hitz egiten dutela azaldu dute, "legez kanporatzeez, lan politikoa egiten duten herritarren espetxeratzeez, minbizia duten presoak espetxean mantentzen dituen espetxe politikaz, biziarteko zigorraz, salbuespeneko legediaz...".
Militante independentista bat baino gehiago bahituak eta poliziarekin kolaboratzeko presionatuak izan direla salatu dute amnistiaren aldeko mugimenduko kideek; "hor dugu Juan Mari Mujikaren kasua, Lander Fernandezena eta gaur entzun dugun Alain Berastegirena".
Berastegik salatu du bere bahitzaileak poliziak izan daitezkeela. Elma Saiz Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkariari eta Rodolfo Ares EAEko barne kontselariari zuzendu dira: "Elma Saizi hamaika aldiz entzun diogu bortxakeriarekin amaitzeaz hitz egiten, eta Rodolfo Ares biolentzia babesten dutenen deslegitimazioaz. Galdetu nahi diegu ea zein den espainiar segurtasun indarrek bahiketa honetan duten erantzukizuna. Nork agindu du operazio hau? Nork gauzatu du?", galdetu dute.
Komunikabideek gertaera hauen aurrean mantendu duten isiltasuna ere salatu dute eta alderdi eta komunikabie nagusiei salaketa larri honen aurrean jarrera bat har dezatela eskatu dute.
"XXI. mendeko gerra zikinaz hitz egiten ari gara", gaur egun Zapaterok eta Rubalcabak zuzentzen duten Gobernu espainol berri batekin, "herri honetako sektore independentista birrintzeko helburua duen gerra zikinaz".
Gizarteari gertaera hauen aurrean kalera ateratzeko deia egin diete, erantzuna emateko. "Ez dira isilik egoteko garaiak, errepresiorik basatienaren aurrean kalean eta eremu guztietan erantzuna emateko garaian gaude", esan dute.





