EUSKAL PRESO POLITIKOAK
Ertzaintzak bi gazte atxilotu zituen Santutxun, igandean
Ertzaintzak Algortako bi gazte atxilotu zituen igandean Santutxun, soinean presoen aldeko pegatina bana eramateagatik.
21/07/2009 14:57:00
BILBO-. Amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, goizeko 10.00ak aldera, Iturriaga kalean pertsona bat osasun zerbitzuek nola artatzen zuten ikusten ari zen ertzain talde bat.
Bi gazteak ondotik pasa zirenean, soinean zeramatzaten Santutxuko presoen aldeko pegatinak kentzeko agindu zieten ertzainek. Uko egin zioten, eta identifikatzeko eskatu zieten orduan poliziek, baina gaztek gainean ez zeramatela erantzun zieten.
Biak atxilotu eta Deustuko komisariara eraman zituzten. Biluztu, gorputza miatu eta hatz-markak eta argazkiak egin zizkieten. Gero, "desobedientzia" eta "terrorismoa goratzea" leporatu zieten.
Ertzainek auzia politikoki baliatuko zutela ohartarazi zieten, eta batek "hamar urte jango dituzue" ere esan zien, amnistiaren aldeko mugimenduaren oharrak dioenez.
Horretaz gain, hainbat eskubideri uko egiteko presio egin zietela salatu zuten, horien artean arreta medikua izateari, euskaraz aritzeari, abokatu euskalduna eta konfidantzazkoa izateari eta atestatuaren kopia izateko eskubideari.
Gazteak igande arratsaldean geratu ziren aske.





