GARA > Azkenak > Euskal Herria

EUSKAL PRESO POLITIKOAK

"Presoen argazkien aurkako gurutzada eremu berrietara zabaltzen ari dira"

Azken egunetan Santurtzin eta Sopelan "euskal preso politikoen argazkien aurka erabili duten mehatxuzko eta presiozko jarrera" salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak. Ibarran ere presoen irudiak ezabatu zituzten.

21/07/2009 10:45:00

BILBO-. "Santurtziko jaietako balantze errepresiboa" egin dute amnistiaren aldeko mugimenduko kideek. 2006an Cuencako espetxean hildako Igor Angulo euskal preso politikoaren oroimenerako plaka kendu dutela esan dute, euskal preso politikoei erreferentzia egiten dieten kartel eta pankartak, AHTaren aurkako pankartak, eta 20 lagun identifikatu zituztela uztailaren 17an txosnan txandak burutzen ari zirela.

Une horretan sei furgoneta hurbildu omen ziren txosnagunera eta beste lau inguruan gelditu zirela jakinarazi dute. "Jaigunea erabat okupatu zuten, jendeari joan etorria ukatuz", salatu dute amnistiaren aldeko mugimendutik.

Sopela

"Presoen aldeko eta bestelako mezuak zituzten pankartak eta pintadak kendu" dituzte egunotan jaietan dagoen Sopelako Larrabasterra auzoan. Ezabaketak Sopelako Udalak kontratatzen duen Cespa enpresak egin ditu, beti ere Ertzaintzak babesa emanda, amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez. "Hainbat lekukoren arabera, asteazken goizean ertzain batzuk sartu ziren Larrabasterrako txosnagunera eta inguruak eta zabalik zeuden txosnak zelatatzen ibili ziren", salatu du.

Ostiral goizaldeko 00.30ak aldera, Carlos Garrido preso ohia kaleratu zeneko bi pintada ezabatu omen zituzten ondoko errepidetik; "Euskal presoak etxera" eta "Ongi etorri Carlos" ziotenak, hain zuzen ere. Amnistiaren aldeko mugimenduko kideek aipatutako lekukoek adierazi dutenez, "errepidean trafiko arina zebilen arren, langileak eta ertzainak segurtasun jantzirik eta argirik gabe zeuden".

Bestalde, txosnagunean bertan, ostiral goizean kendu zituzten hainbat pankarta, tartean euskal preso politikoen, gazte mugimenduaren eta "atzoko eta gaurko gudarien" aldekoak, salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

Erakunde antierrepresiboak gogor salatu nahi izan du "espetxean hildako euskal preso politikoaren oroimenaren aurkako erasoa eta baita argazkien aurka erabiltzen ari diren mehatxuzko eta presiozko jarrera ere".

"Presoen argazkien aurkako gurutzada pixkanaka eremu berrietara zabaltzen ari direla ikusten ari gara", gaineratu du. "Azken finean, bai Larrabasterran, eta bai Santurtzin, Ertzaintza bestelako aldarrikapenak kentzen ere aritu dela azaldu behar dugu, besteak beste, AHTaren aurkakoak, espekulazioaren aurkakoak, etab.", salatu du.

Ibarran ere bai

Ibarran, euskal presoen irudiak margo grisarekin ezabatu zituen igande goizean, 8.00etan, langile batek, kaleak hutsik zeudela aprobetxatuz. Inguruan ertzain ugari zituen babesteko, amnistiaren aldeko mugimenduak azaldu duenez.

Egun horretan bertan eta toki berean presoen irudiak marraztu zituzten berriro ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo