EUSKAL PRESO POLITIKOAK
"Gatza"ren askatasuna eskatu eta biziarteko zigorra salatu dute Zornotzan
Jose Mari Sagardui "Gatza" euskal preso politikoren askatasuna exijitzeko eta biziarteko zigorra salatzeko manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Zornotzan.
11/07/2009 19:34:00

ZORNOTZA-. Jose Mari Sagardui "Gatza"k 29 urte bete ditu aste honetan espetxeratu zutenetik eta Europan kartzelan denbora gehien daraman presoa da.
Gaur arratsaldean manifestazioa egin dute bere herrian, Zornotzan, "Bizi osorako zigorrik ez. Presoak kalera" lelopean.
Amaierako ekitaldian, "Gatza" Euskal Herriari "ezarritako errepresioaren adierazle eta porrotaren erakusle argia" dela nabarmendu dute. "Euskal Herriaren eskubideen alde lan egitearren atxilotua, bortizki torturatua, espetxeratua, dispertsatua eta bakartua izanik ere, estatuen atzaparretan makurtzetik urrun, Euskal Herriaren alde lanean eta borrokan tinko mantendu baita kolektiboa osatu eta osatzen duten kideekin batera", esan dute.
Madrilek eta Parisek aplikatzen duten espetxe politika Euskal Herriaren aurkako "gerra estrategian" kokatu dute baina estrategia hori "antzua" dela ohartarazi dute.
Horrekin batera, "ilegalizazio, jazarpen eta abarren gainetik estatuen inpunitateari" salaketa eta elkartasunaren bidez erantzuten jarraituko dutela nabarmendu dute, "euskal preso politiko guztiak etxera ekarri arte".





