MANIFESTAZIOA
Gazteria ez dutela makurraraziko nabarmendu dute Donibane Lohizunen
Lapurdin eta Nafarroa Beherean izan diren azken atxiloketak salatzeko manifestazio jendetsua egin dute gaur arratsaldean Donibane Lohizunen, "Euskal gazteria aitzina! Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da" lelopean.
11/07/2009 13:12:00
BAIONA-. Ekainaren 27 eta 30a bitartean Lapurdin eta Nafarroa Beheran Polizia frantsesak egin zuen sarekada salatu eta herritarren haserrea adierazteko deitu zuen manifestazioa Segik, "Euskal gazteria aitzina! Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da" lelopean.
Martxa Donibane Lohizuneko plazatik abiatu da eta mila lagun inguru bildu ditu.
Hiriguneko kaleak igaro ondoren, Zibururantz jo eta Michele Alliot-Marie Justizia ministro frantsesaren etxearen aurrera joan dira, baina Poliziak ordurako hesia jarria zuen. Minutu batzuetan tentsio uneak izan dira, eta negarra eragiteko gasa ere jaurti dute.
Manifestariek "euskal gazteria aitzina", "Eneko, Ibai eta Gilen askatu", "borroka da bide bakarra", "segi borrokan", "segi antolakuntzan", "independentzia" eta beste hainbat lelo oihukatu dituzte, Ziburuko plazan amaitu aurretik. Turisten artean eskuorriak ere banatu dituzte.
Bukaerako ekitaldian, gazteria ez dutela makurraraziko nabarmendu eta azken sarekada bezalakoen helburua gazteen lana oztopatzea dela salatu dute. Interes turistiko eta espekulazioaren aurkako ekintzak aitzakia besterik ez direla esan dute, baina benetako xedea euskal gazteria dela uste dute.





