ABIADURA HANDIKO TRENA
Bertan behera geratu da Atxondon AHTren desjabetzeen akten altxatzea
Bertan behera geratu da gaur goizean Atxondoko Udaletxean sinatzekoa zen Abiadura Handiko Trenaren desjabetzeen aurretiazko akten altxatzea. "Gaurkoak erakusten du herritarrek eta, bereziki, Udalek zeresan eta zeregin handia daukatela AHTaren aurrean", ziurtatu dute gaurkoan Atxondon.
10/07/2009 15:56:00
BILBO-. "Atxondoko Udalak eta AHT Gelditu! Elkarlanak egindako salaketa eta alegazioetan azaltzen zen moduan, prozeduran formazko akatsak egon dira", salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak. Boletinean desjabetzeetarako deialdia argitaratu zenetik behar zen epea ez dela bete esan dute eta horren aurka egin ziren alegazioei ere ez ez zaiela erantzun. Are gehiago, desjabetzeetan aurrera egiteko deialdia alegazioak egiteko epea amaitu aurretik egin zela salatu du AHT Geldituk.
159 herritarrek, hainbat lur-jabek eta Atxondoko Udalak berak egin zituzten alegazioak.
ADIFek eta Gobernu espainolaren ordezkaritzak onartu egin dituzte hutsegiteak eta, ondorioz, gaur egitekoak ziren akten altxatzeak bertan behera utzi dituzte.
"Gaurkoak erakusten du herritarrek eta, bereziki, Udalek zeresan eta zeregin handia daukatela AHTaren aurrean", adierazi du AHT Geldituk eta Atxondoko Udalak egin duen moduan, bidean dauden herri guztietako herritar, talde eta arduradun politikoei deia luzatu diete "gure lurren aurkako eraso bortitz honen aurrean zorrotzak izan daitezen trena egitera datozenei formazko eta edukizko betebeharrak goitik behera bete ditzaten eskatzerakoan".





