GARA > Azkenak > Euskal Herria

UDALBILTZA

Kultur, gizarte eta sindikalgintza alorretako eragileen babesa jaso dute Udalbiltzako auzipetuek

Euskal Herriko kultura, gizarte eta sindikalgintzaren alorreko hainbat eragilek babesa adierazi diete Udalbiltzako auzipetuei eta epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute.

21/06/2010 13:52:00

DONOSTIA-. Gizarte eta kultur alorretako eta sindikalgintzako 50 eragile inguruk sinatu dute Udalbiltzako auzipetuen aldeko manifestua. Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Ikastolen Elkartea, UEMA, EHE, EGI, Gazte Abertzaleak, Iratzarri, Ikasle Abertzaleak, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, Elkartzen, Bilgune Feminista, TAT, EHGAM, Bai Euskal Herriari, Lokarri, Aztiker, Esait, Txalaparta, Orreaga Fundazioa, Ipar Hegoa Fundazioa eta Adierazi EH! daude sinatzaileen artean, besteak beste.

Sinatu duten agirian Udalbiltzak bere sorreratik hainbat alorretan bultzatu dituen proiektuak gogora ekarri dituzte (euskara, hezkuntza, kultura eta ekonomia alorretan, besteak beste) eta gizarteak "errekonozitzen eta babesten" dituela nabarmendu dute, Mikel Luluaga Bai Euskal Herriari ekimeneko kideak eta Pazis Garcia Ipar Hegoa fundazioko kideak gaur Donostian azaldu dutenez.

Erakunde nazionalak babestutako egitasmoak "Euskal Herriak dituen beharrei erantzuna emateko beharrezkoak" direla esan dute eta, hortaz, Udalbiltzak egindako lanak "legitimitate osa" dutela gaineratu.

22 auzipetuei babesa adierazi diete eragileek eta uztailaren 15ean hasiko den epaiketa bertan behera utz dezatela eskatu dute, "kultur, hizkuntza, gizarte, kirol, hezkuntza zein ekonomi esparruetan ohikoak diren ekimenak kriminalizatzea bilatzen duen heinean antidemokratikoa delako", eta agiria sinatu duten eragileak "izaera berdineko egitasmoak bideratzen ditugun heinean, eta ikusita ze nolako aurrekariak dauden, indefentsio juridikoan" jartzen dituela uste dutelako.

Imprimatu 
Zabaldu artikuloa: Facebook Zabaldu
Igo