ATXILOKETA
Jon Telleria atxilotu du Polizia frantsesak Lapurdin
Jon Telleria idiazabaldarra atxilotu du Polizia frantsesak gaur goizean Lapurdin, Auzitegi Nazional espainolak bere aurka egindako euroagindu eskaeraren baitan.
09/06/2010 11:34:00
URRUÑA-. Jon Telleriak berak eman die atxiloketaren berri bere Infozazpi Irratiko lankideei, poliziaren autoan zeramatela.
Goizeko 11.00ak aldera atxilotu dute eta, azaldu duenez, Paueko Auzitegira eraman dute, han Auzitegi Nazional espainolaren euroagindu eskaeraren berri eman diezaioten. Poliziaren arabera, bizikletan zihoala atzeman dute. Hasiera batean Urruñan izan dela uste bazen ere, AFP agentziak Senpere inguruan izan dela zehaztu du.
Jon Telleria idiazabaldarra da eta iazko azaroaren bukaeran gazte independentisten aurka burutu zen operazioan atxilotzen saiatu ziren. Azken hilabeteotan Urruñan bizi izan da eta bizitza erabat publikoa egin du. Infozazpi Irratian arratsaldeko albistegiak aurkezten ditu.
Elkarretaratzea
Atxiloketa salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur 19.00etan Urruñako itzulgunean.
Olatz Izagirreri buruzko erabakia, asteartean
Paueko Auzitegiak Olatz Izagirre gazte independentistaren aurkako euroagindua aztertu zuen atzo eta erabakia heldu den asteartean jakinaraziko du.
Auzitegi horrek berak atzera bota zuen Aurore Martinen aurkako euroagindua.





