MANIFESTAZIOA
Euskal Herriak Askatasuna behar duela aldarrikatuko dute gaur Bilbon
Amnistiaren aldeko mugimenduak errepresioa salatzeko eta euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko azken hogeita hamar urteotan egindako lana Euskal Herriarentzat "beharrezkoa" dela aldarrikatuko dute gaur arratsaldean Bilboko kaleetan.
17/05/2008 10:08:00
BILBO-. "Euskal Herriak Askatasuna behar du!" lema hartuta, nazio manifestazioa egingo da gaur arratsaldean Bilboko kaleetan zehar, amnistiaren aldeko mugimenduko kide izateagatik 27 euskal herritar auzipetuz Madrilen egiten ari diren epaiketa salatzeko. Hain zuzen ere, 17.30ean jarri dute hitzordua, eta Aita Donostia plazatik abiatuko den mobilizazio horren bitartez aldarrikatuko dute amnistiaren aldeko mugimenduak errepresio ekintza ezberdinak salatuz eta euskal preso politikoei elkartasuna adieraziz egiten duen lana Euskal Herriarentzat "beharrezkoa" dela.
Auzitegi Nazionalean gertatzen ari den bezala, errepresioa pairatu duten herritarrak izango dira protagonista. Epaiketa horretan, auzipetuek uko egin diote defentsa juridikoa lantzeari bermerik ez dutela argudiatuta; izan ere, zigor epaia aurrez idatzita dagoela uste baitute. Hala, lekuko gisa deklaratzeko joan behar izan duten hainbat errepresaliatuk eskatu du Estatuak berak, erabiltzen duen indarkeria dela-eta, bere erantzukizunak argi ditzala.
Amnistiaren aldeko mugimenduko ordezkariek behin eta berriro azaldu dute epaiketa hasi denetik egotzi dizkieten eginkizunak Estatu espainolaren eta frantsesaren estrategia errepresiboak asmatu dituela, eta hori da, hain zuzen ere, Bizkaiko hiriburuan egingo den manifestazioan erakutsiko dutena.
Errepresaliatuak buruan
Gaur egun kartzelan diren euskal preso politikoen kopurua azken urteotako handiena da. Izan ere, 700 pertsonatik gora daude giltzapeturik. Hala, errepresaliatuen argazkiek irekiko dute bidea, eta beraien senideek eramango dituzte argazkiok, manifestazioaren aurrean kokatuz.
Horien atzean, "Euskal Herriak Askatasuna behar du!" lemadun pankartari eutsiko diote amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako epaiketan auzipetutako hainbat kidek.
Presoen senideak eta errepresioa jasan duten beste hainbat pertsona ezagun ere izango dituzte alboan. Amnistiaren aldeko mugimenduari babesa emateko kaleratutako "Ez da delit- ua" manifestuarekin bat egin duten eragileak eta norbanakoak ere bilduko dira Bilbon.
Horiek horrela, ekitaldi jendetsua izango delakoan daude antolatzaileak. Izan ere, joan den larunbatean jakinarazi zutenez, ia 1.500 atxikipen batu zituen ordurako idazkiak. Gero, azken egunotan beste eragile batzuk, musikariak esaterako, agertu izan dira ekimenari sostengua emanez. Manifestazioa udaletxe aurrera heldutakoan, ekitaldi politikoak emango dio amaiera.
Bestalde, Askatasunak atzo azaldu zuenez, amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako epaiketan auzipetuta dauden herritarrak errepresioari buruzko hainbat hitzaldi ari dira ematen Euskal Herri osoan.




