MANIFESTAZIOA
Errepresioaren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute gazte independentistek
"Euskal Herriak askatasuna behar du" lelopean etzi Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute gazte independentistek. Euskal Estatu sozialista eraikitzeko aukerak "zabalik" daudela eta "aukera historiko" honi "tinko" eutsi behar zaiola nabarmendu dute.
15/05/2008 14:58:00
GASTEIZ-. Gasteizen egin duten agerraldian, gazte independentisten ordezkariek larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin du eta, bide batez, Madrilen amnistiaren aldeko mugimenduaren aurka egiten ari diren epaiketaren irakurketa plazaratu dute.
Euskal gazteen aurka Estatu espainolak nahiz frantsesak egin dituzten "erasoak" gogora ekarri dituzte lehendabizi. Hala, azken hilabeteotan "kale borroka" aitzakia hartuta Nafarroa Beherean, Uribe-Kostan, Donostian, Barakaldon, Oarsoaldean, Burlatan eta Araban egin dituzten polizia operazioak aipatu dituzte.
Gazteon arabera, errepresioaren "gordintzea"ren arrazoietako bat da estatuek ezker abertzalea "anikilatzeko" estrategiari eutsi diotela, "badugulako proiektu politiko bat herri honi eskaintzeko, burura eramatean EAJ, UMP eta UPNren poltroneroak etxera bidaltzen dituena eta bi estatuekiko menpekotasuna ezeztatzen duena".
Horretaz gain, gogoratu dute ezker abertzaleak independentzia eta sozialismoa burura eramateko "tresna zehatz eta praktikoa" jarri duela mahai gainean, hau da, "autonomien eta erabakiaren proposamena".
Proposamen hori "herri honen gehiengoak bat egiten duen oinarrien gainean eraikita" dagoela nabarmendu dute, eta horregatik uste dute PSOEk eta EAJk ezker abertzalearen ekimena "desegin" nahi dutela, "bidea libre izan dezaten euren arteko manikeorako".
Madrilgo epaiketa
Testuinguru horretan kokatu dute Madrilen egiten ari diren epaiketa, "Espainiako Estatuak garatu arren bi estatuek herri honen aurka daramaten anikilazio estrategian", alegia.
Gazte independentistek babesa helarazi nahi izan diete auzipetuei eta epaiketan hartu duten jarrera txalotu dute.
Askatasunak "herri honen alde lan egiten duten euskal borrokalarien aldeko lana" egin duela adierazi dute eta, gaur egun, "gatazkaren adierazpen gordinenak pairatzen ari garen honetan, inoiz baino beharrezkoagoa" dela iritzi diote.
"Beste alde batera begiratu beharrean, Askatasunak estatuen errepresio makinaria salatu, herri babesa artikulatu eta dagozkigun eskubideak borrokatzen ditu eta horren ordaina ezin da izan epaiketa fartsa bat, horren ordaina herri sumindu eta duin baten txalo zaparrada itzela besterik ezin da izan", azaldu dute.
Ildo horretan, "herri honek aske izateko aukera guztiak irekita dituenean, eta etsaia egoera politiko historiko honen jabe izanda askapen borrokaren iniziatiba oro txikitzeko makinaria errepresibo guztia abiatu duenean, inoiz baino gehiago borrokatzeko garaia denean", gazteek Askatasuna "inoiz baino gehiago" behar dutela nabarmendu dute.




