GARA > Azkenak >

ATENTATUA LEGUTION

Ezker abertzaleak dio gatazka politikoaren konponbideak lehentasuna izan behar duela eragile guztientzat

Ezker abertzalearen iritziz, gaur Legution izan den atentatua gatazka politiko eta armatuaren "gordintzearen erakusgarri" da eta ageriago uzten du "berau konpontzeak atzeraezinezko lehentasuna behar duela eragile guztientzat".

14/05/2008 19:00:00

DONOSTIA-. Ezker abertzaleak, ohar batean, gogora ekarri du negoziazio prozesuan zehar "aukera paregabea" izan zela "konfrontazio eta indarkeria" adierazpen guztiekin amaitzeko, eta gaur egun ere "elementu guztiek mahai gainean" jarraitzen dutela nabarmendu du.

PSOEk ezker abertzalearen proposamen politikoari ezezkoa ematean gatazka konpon dezakeen akordio politikorik "ez duela izenpetu nahi garbi utzi zuen", bere ustez, "gatazkaren gakoak diren autodeterminazio eskubidearen eta lurraldetasunaren auziei irtenbiderik eman gabe jarraitu nahi baitu".

Alderdi horrek gaur ezker abertzalearen aurkako "gerra estrategian are gehiago sakontzeko irmotasuna" azaldu duela salatu du, eta ildo horretan kokatu du Kongresu espainolean alderdiek gaur sinatu duten agiria: "babes osoa torturari, babes osoa indar polizialei, babes osoa Garzoni".

Sinatzaileen artean EAJ eta NaBai egotea ere kritikatu du ezker abertzaleak eta PSOEren "estrategia errepresiboarekin erabat lerratuta" daudela erantsi du. Ibarretxeri ea gatazka "soluzioaren parte bat jazarriz" konpondu nahi duen galdegin dio ondoren bere oharrean.

Ezker abertzaleak bestelako eszenatoki demokratiko bat eraikiko duen aldaketa politikoa gauzatzeko lanean jarraituko duela berretsi du, eta horretarako gatazka politiko eta armatuaren sustraietara jotzea ezinbesteko jo du.

Legutioko atentatua dela-eta ezker abertzalea "isolatu eta jazartzeko, ezker abertzaleko kideok deabruen pare jarri eta munduko bihozgabeenen gisara jartzeko eta eztabaida politikoa euren etikaren eta printzipio demokratikoen erreinura eramateko asmoz" egin diren mezu eta eskaeren aurrean, "erantzukizunez eta ardura politikoz" jokatuko duela ziurtatu du eta "ohituta gaituzten lintxamendu politiko, mediatiko eta instituzionalaren azeleragailua sakatu" dutela salatu du.

Horrekin batera, Euskal Herriaren eta euskal herritar guztien eskubideak errespetatu arte lanean jarraituko duela nabarmendu du.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo