HERRI URRATS
Milaka euskal herritarrek berretsi dute Seaskarekiko konpromisoa
Ez da marka makala Herri Urratsek hogeita bost urteotan lortu duena. Jakin badaki egiteko asko duela, beraz, bidea urratsez urrats egiten jarraitzeko konpromiso tinkoa hartua du. Atzo milaka lagun bildu ziren Senperen.
12/05/2008 9:28:00
SENPERE-. "Mende laurdena, bide erdia.." lelopean ospatu zuten atzo Senpereko aintzira inguruan Herri Urratsen hogeita bosgarren edizioa.
Urtero legez, milaka euskal herritar hurbildu ziren euskararen eta Lapurdiko ikastolen aldeko jaialdian parte hartzera eta laguntzera. Goizeko lehen orduko izpi bakan batzuk salbu, eguzkiak ez zuen irribarrerik agertu eguerdirarte; halere, giro ezin hobean igaro zen eguna. Zeruak bekozko ilunik agertu ez bazuen ere, irekiera ekitaldiaren ostean, ilunago nabari zitekeen.
Izan ere, azken egunotan bolo-bolo zebilen zurrumurrua Seaskaren eta Hezkuntza ministerio frantsesaren arteko akordioaren albistea Senperen ez ote zen emango. Badaramate denbora bat hartu-emanetan. "Behar bada", esan zuen orain egun batzuk Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari eta Paueko kontseilari nagusi Max Brissonek (UMP). Baina ez zen halakorik izan; Paueko Akademia Ikuskari Philippe Carrierek, horretarako "aurrekontua mugatua" dela nabarmendu zuen aitzakia gisa.
Herri Urratsek 25 urte bete dituen honetan, Seaskak 25. ikastola irekitzeko helburua hartu zuen. Tartean, baina, Seaskaren kezkak eta haserreak piztu ziren, ikastoletako hainbat irakasle postu kinka larrian baitaude, eta, ondorioz, euskaraz irakasteko ahalmena bera.
"Hitzetatik ekintzetara"
Bihar, asteartea, Pauen, berriro ere bilkura izango duten arren, Seaskako lehendakari Paxkal Indok argi adierazi zien agintariei "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko garaiak direla oraingoak, eta bitartean, beraiek, orain arte bezala, urratsez urrats bidea egiten, lanean, jarraituko dutela.
Atzoko jaialdia, beste behin ere, urrats horien aparteko erakustaldi bilakatu zen. Milaka lagun bertaratu baitziren Euskal Herriko txoko guztietatik Lapurdiko ikastolen eta euskararen aldeko jaialdira.
Hogeita bosgarren edizioak abesti propiorik izan ez badu ere, aurreko urteetako Herri Urratsetako kantak izan ziren entzungai behin eta berriz Senpereko lakuan, baita eskuragarri ere; 22 abestiak jasotzen zituen CDa kaleratu baitute aurten.
Ateak irekitzerako, 10.00etarako, jende ugari zebilen joan-etorrian. Batzuk, lehenagotik ari ziren jaialdirako azken ukituak atontzen. Beste asko, ordea, aintzirari lehen bueltak ematen; hori bai, inor gutxi ausartu zen atzo jada ohitura den bainutxoa hartzen. Ura hotzegi egongo zelako zantzuak usaintzen baitziren segituan, nahiz eta gaztetxoren batek edo bestek sartu irtena egin zuten.
Kontzertu ugari
Jai giroak ez du baina, oztoporik ezagutzen; berehala zipriztindu ziren beraz, umorez eta dibertimenduz lakuaren jiran ziren zazpi guneak. Gune bakoitzak bazuen bere ekitaldi eskaintza; seguru asko, alaien txikienak arituko ziren, aurtengo edizioan beraientzako gunea eta eskaintzak handitu eta ugaritu egin baitituzte.
Aurpegia pinta-pinta eginda zutenei so egitea besterik ez zegoen tailerretan parte hartu zutela jakiteko, edo lakuan arraunean aritu ziren gaztetxoak begiratzea Ikastolen arteko euskal jokoan V. jaialdian, Xiban, parte hartu zutela ikusteko. Zikiroa sugarretan, sagardoa barra-barra, taloak... denborak aurrera egin ahala, gero eta masailalde gorritu gehiago; dantzaldiak, kontzertuak, txaranga, 12.00etan euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioa, tirolina... eta ordu laurden geroago lehenbiziko neska gaztea kamila gainean.
Txan Magoaren ikuskizunak aho zabalik utzi zituen ehunka lagun elkartu zituen Haurren Txokoan, eta Nafarroa, Araba zein Lapurdi gunean musika kontzertu eskaintza zabala entzun ahal zen; Celtas Cortos, Betagarri, The Uski´s edota, besteak beste, berriro emanaldietan diren Deabruak Teilatuan.
Atzo Senperen ez zen aspertzeko betarik izan, eta eguraldiak kale ez egin arren, erretzeko aukera uxatu izana, seguru asko, eskertu ere egingo da.




