LURRIKARA
Milaka lagun hil dira Txinan jazotako lurrikaran
Arratsaldeko 14.28ean (8.30ak Euskal Herrian) Richter eskalan 7,8 graduko lurrikara jazo da Txinako hego-mendebaldean. Bertako agintariek azaldu dutenez, hildakoak 8.500 dira eta zaurituak 10.000 baino gehiago. Sichuan eskualdea da kaltetuena.
12/05/2008 9:19:00
PEKIN-. Sichuan probintzia izan da kaltetuena, bertan izan du eta lurrikarak epizentroa, baina Shangain, Pekinen, Vietnamen eta Tailandian ere nabaritu dute astindua. Eraikin altuetan nozitu dute batez ere, eguerdiko 14.30ean (8.30ak Euskal Herrian) Txinako hego-mendebaldean izan den lurrikara. Ondorengo hiru orduetan, 300 erreplika inguru izan dira herrialde osoan.
Lurrikarak eragindako biktima kopurua handituz doa orduek aurrera egin ahala. Agintari txinatarrek esan dutenez, 8.500 lagun hil dira eta 10.000 inguru zauritu, baina kopuru horrek gora egin dezake. Epizentrotik 100 kilometroko erradioan dauden herri eta hirietan hondamendia izugarria dela ohartarazi dute eta hildakoak eta desagertuak milaka.
Sichuango agintariek azaldu dutenez, eskualde horretan bakarrik 7.651 dira hildakoak, eta gainera bertako eraikinen %80 erori da, Xinhua berri agentziak zabaldutakoaren arabera.
Handik 100 kilometrora, Dujiangyan-en, ospitale bat, hainbat eskola, fabrika eta etxebizitza eraikin erori egin dira, eta ehunka lagun geratu dira hondakinen azpian, haien artean 900 ikasle.
Gainera, bi haur eskola erori dira Liangping-eko eskualdean. Horietako batean lau haur hil dira eta ehundik gora zauritu dira.
Kaltetutako eskualdeetan telefono eta Internet zerbitzurik gabe geratu dira, hainba aireportu itxi egin dituzte eta hegaldiak bertan behera utzi.
Wen Jiabao Txinako lehen ministroa Sichuan eskualdera joan da eta "lasaitasuna, konfidantza, ausardia eta antolaketa egokia" eskatu ditu hondamendia gainditzeko. Txinako Armadako 8.000 soldadu inguru bidali dituzte erreskate lanetan laguntzeko.
Azken 30 urtetan Asian jazotako lurrikararik handiena izan da gaurkoa.




