ENAITZ IRIONDOREN HERIOTZA
Haroko epaileak baztertu egin du Enaitz Iriondoren auzia berriro irekitzea
Haroko Lehenengo Instrukzio Epaitegiko buruak baztertu egin du Enaitz Iriondo gaztearen auzia berriro irekitzea, fiskalak eskatutakoaren aurka. Familiak helegitea jarriko dio erabakiari.
09/05/2008 13:09:00
HARO-. Errioxako fiskal nagusi Juan Calparsorok Enaitz Iriondo gaztearen auziko aurretiazko eginbideak berriro irekitzeko eskatu zion epaileari, baina epaileak uko egin dio eskaerari eta fiskalak bere irizpidea "erabat" aldatu duela nabarmendu du.
Enaitz Iriondo gazte durangarra 2004ko abuztuaren 26an hil zen Errioxako Castañares herrian, bizikletan zihoala auto batek harrapatuta.
Autoaren gidariak, Tomas Delgadok, 20.000 euroko kalteordaina eskatu zien 2006ko martxoan Enaitz Iriondoren gurasoei, istripuaren ondorioz bere luxuzko autoak -A-8 Audi bat- izan zituen kalteengatik. Horren ondorioz izugarrizko oihartzun mediatikoa sortu zen eta azkenean Delgadok atzera egin zuen.
Istripu eguneko atestatua gaizki egin zela erakusten zuten zantzu berriak agertu zirenez, fiskalak auzia berriro irekitzeko eskatu zuen, baina epaileak ez du eskaera onartu.
Epaileak dio 2006ko irailean agertu zuen irizpide berberari eusten diola eta fiskalak irizpide hura egokitzat zuela orduan. Gainera, auto hartan behin betiko artxibatzea ebatzi zela dio, eta horregatik auzia berriro irekitzea ezinezkoa dela.
Gaztearen familiak helegitea aurkeztuko du epailearen erabakiaren aurka Errioxako Auzitegi Nagusian, Rosa Trinidad bere amak Eferi jakinarazi dionez. Erabaki hori ez zuela espero eta ez duela ulertzen esan du.
Fiskalak ere asmo berbera agertu du.




