AHT
Aramaioko desjabetzeen akten altxatzea bertan behera geratu da
Ertzaintzaren esku-hartzea bortitza izan dela azaldu du AHT Gelditu! Elkarlanak baina Aramaioko Udaletxera bertaratutako 200 bizilagunek nahitaezko desjabetzeen akten altxatzea oztopatzea lortu dute.
06/05/2008 11:42:00

ARAMAIO-. AHT Gelditu! Elkarlanak azaldu duenez, 200 lagun inguru bildu dira gaur goizean Aramaioko Udaletxeko Batzar Aretoan, eskilaretan eta kanpoaldean Sustapen Ministerio espainoleko langileen zain.
Orain egun batzuk Eskoriatzan jazo bezala, gaurkoan ere ez dira bakarrik joan; Ertzaintzak lagunduta hurbildu dira Udaletxera eta, gainera, aurreikusitakoa baino lehenago joan dira. 10.30ean zuten hitzordua, eta 9.45 aldera azaldu dira.
Gaur goizean Sustapen Ministeriokoak Udaletxe kanpoan eta barruan jendea zegoela ikusita, zuzenean alkatearengana joan dira eta ia Udaletxetik ateratzera behartu dute, akten sinatzea egin behar zela esanez. Azkenean, kanpora atera dira eta Udaletxe pareko plazako zubian Eskoriatzan sinatu zuten agiri berbera izenpetu dute, hau da, akten altxatzea "kanpoko elementuak medio" bertan behera geratu dela dioen agiria.
Polizia autonomikoa bizilagunen aurka "oso modu bortitzean" oldartu dela salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak. Ertzaintzak nola edo hala sartu nahi izan du Udaletxera, baina bertaratutakoek trabak jarri dizkiete eta oldartu egin dira.
Ezezkoa
Irailean eginiko galdeketan, AHTren aurkako jarrera hartu zuten Aramaioko herritarrek eta erabaki hori errespetatzeko exijitu zioten pasa den astean Sustapen Ministerioari. Erakunde horren jarrera salatu eta herri inkesta egiteagatik gaur egun Asier Agirre alkatea auzipetua dagoela oroitu zuten Elkarlanekoek, hiru delitu leporatuta.
Sustapen Ministerioak AHTren eraikuntzarako Aramaion 600.000 metro koadro nekazaritza eta baso lur-eremua "okupatzeko" asmoa du, eta azpiegitura hori "inoiz egingo balitz" bailara hori "itzelezko ingurumen-eraginen eta paisaiari emandako kolpe latzaren nahiz inpaktu akustiko gogorren menpe" geratuko litzateke.
Izan ere, Aramaion 1.405 metro luze eta 70 metro altuerako biaduktoa eraikitzeaz gain, azpiegiturak hainbat ingururi ere kalte handia egingo lioke, hala nola Barajuen, Azkoaga, Zabloa eta Suñako landaguneak, esaterako. Horretaz gain, Untzilla eta Aramaio erreken natur intereseko guneak "txikitu" egingo lituzke, plataformaren arabera.




